Biotopoaren auzian, “bere garaian zehaztu ziren babes mailak defendatzen” segituko duela berretsi du Udalak
Estatuko Administrazio Orokorrak Biotopoaren Natura Baliabideak Antolatzeko Plana errekurritu du. Berria jakin eta berehala, jarri da harremanetan Udala Eusko Jaurlaritzak arlo honetan dituen arduradunekin.
Joan den astean jakin zen Estatuko Administrazio Orokorrak Biotopoaren Natura Baliabideak Antolatzeko Plana errekurritu zuela. Zenbait eragileri igorritako informazioaren arabera –tartean da Zumaiako Udala-, konpetentzia arazoa izan liteke errekurtsoa jartzearen arrazoia eta Biotopoaren itsas sektorearekin du zerikusia.
Zumaiako Udala berria jakin eta berehala jarri zen harremanetan Eusko Jaurlaritzak arlo honetan dituen arduradunekin. Arlo guztietan bezala, hemen ere "udalerriaren interesak" defendatuko dituela berretsi du Udalak eta errekurtsoaren aurrean aurkeztuko da Debako Udalarekin batera.
Ildo horretatik, Andoni Etxaniz Zumaiako Udaleko Ingurumen zinegotziak azaldu duenez, "Biotopo honen baitan harturiko erabaki garrantzitsuenetakoa, babesguneena, ezbaian jarri du errekurtso honek konpetentzia arazo batengatik. Horren aurrean, konpetentzien gainetik eman ziren babes mailak bermatuak izan daitezen lan egingo dugu Udaletik".



