Bizikleta Egun bizi eta arrakastatsua bizitu zuen larunbatean Zumaiak

2018/06/12

Aurtengo edizioak izandako harrera ona eta herritarren partaidetza altua nabarmendu ditu Udalak eta eskerrak eman dizkie antolakuntza lanetan aritu diren elkarte, talde eta eragile guztiei egindako esfortzu eta lan onagatik.

Larunbatean ospatu zen Zumaian Bizikleta Egunaren III. edizioa eta Udalak beste urte batez aipatu egunak izandako arrakasta eta partaidetza altua nabarmendu ditu. “Bizikleta Egunaren bitartez, ospakizunaz haratago, Udalaren helburua da bizikletaren erabilera herritarren artean zabaldu eta mugikortasun jasangarriaren alde urratsak egitea eta urtetik urtera, helburua lortuz goazela esan dezakegu”, adierazi dute Udaletik. 

Eguraldia lagun izan zen goiz partean, eta jada lehen ordutik hasita, herritar ugari bildu ziren antolatutako ekintzetan parte hartzera. Jendetsuak izan ziren cycling saioak, bizikleta irteera eta baita, noski,  Eskola Bideak ekimenaren baitan egindako ibilbidea, non, guraso zein haurrek, herriko bi ikastetxeetara joateko definitutako bide eta geldiuneak ezagutu ahal izan zituzten altxorraren bila jokoaren bitartez.

Ildo beretik arratsaldeko ekintzek jasotako harrera ona ere azpimarratu du Udalak. Guztiak izan ziren arrakastatsu bezain partaidetsuak, eta zer esanik ez, bizikleta saltoen emanaldiaren inguruan. Eguraldia zela eta, Aitzuri pilotalekura lekualdatu zen, eta herritar mordoa bildu ziren bertan, ikuskizunaz gozatzeko.

Guzti horiek kontuan izanik, aurtengoan ere Bizikleta Egunaren balorazio positiboa egin du Udalak eta bizitako giro ezin hobea azpimarratu du. Halaber,  eskerrak eman dizkie antolakuntza lanetan aritu diren elkarte, talde eta eragile guztiei egindako esfortzu eta lan onagatik.

Azkenik, ekintza guztiek herritarren artean izandako harrera ona ikusirik, datorren urteari begira Bizikleta Egunaren ospakizuna errepikatuko dela adierazi du Udalak.

Zozketako irabazleak

Bizikleta Eguneko ekintzetan parte hartu zutenen artean, halaber,  bizikleta bat zozketatu du Udalak. Sariduna Libe Aginagalde Aristi izan da.

Horrez gain, helduek bizikletan ibiltzeko antolatutako ikastaroko partaideen artean ere beste bizikleta bat zozketatu da eta kasu honetan Mertxe Aramendi Urbieta da irabaztea.

Zorionak biei!