Bizikleta Eguna ospatuko du Zumaiak datorren larunbatean

2018/06/04

Bizikleta Egunaren III. edizioa izango da hau eta horren harira, besteak beste, txirrindulari probak, mendi bizikleta irteera eta bizikleta ikuskizuna antolatu dira herritar guztien gozamenerako. Era berean, Udalak eskerrak eman dizkie antolaketan parte hartu duten herriko eragile guztiei eta zumaiarrak animatu ditu ekintzetan parte hartzera.

Datorren ekainaren 9an Bizikleta Egunaren III. edizioa ospatuko da Zumaian eta horren harira, Udalak, herriko hainbat eragileekin elkarlanean, ekintza egitarau anitz bezain zabala antolatu du, herritarren gozamenerako.

Goizeko 09:00etatik gaueko 20:00etara bitartean, Eusebio Gurrutxaga plaza izango da ekintza eta irteera guztien abiapuntua. Horiek horrela, goizean goiz hasita, 09:00etan 12 urtetik gorakoek mendi bizikleta irteera egiteko aukera izango dute Sastrakas taldearekin batera. 10:15etan, aldiz, beste irteera bat egingo da, oraingoan, 12 urtetik beherakoekin. Horri lotuta, edozein motatako bizikletarekin parte har daitekeela aurreratu dute Sastrakaseko kideek baina haiek erabakiko dute adin, maila eta txirrinduaren arabera, zein ibilbide egokitzen zaion hobeto parte hartzaile bakoitzari.

Eta mendi bizikleta irteerarekin batera, goizeko 09:00 eta 10:15ean, 16 urtetik gorakoentzat cycling saioak egingo dira aipatu plazan. Izen ematea aurrez egin beharko da kiroldegian.

Goizean aurrera eginez,  10:00etan Joxe Mari Kortaren omenez sortutako bizikleta proba egingo da. Kasu honetan ere, abiapuntua zein helmuga Eusebio Gurrutxaga plaza izango da.

12:00etan, atsedenaldia egingo da eta mokadutxo bat eskainiko zaie goizeko ekintzetan parte hartu duten guztiei. Ondoren, 12:45ean, Guraso Elkarteak Udalarekin elkarlanean garatutako Eskola Bideak egitasmoaren baitan altxorraren bila jokoa egingo da haurrekin proiektuaren baitan bi ikastetxeetara joateko definitutako ibilbideak ezagutu eta geltokiak non dauden ikusteko. Eta behin goizeko ekitaldiak amaituta, 14:00etan, paella dastaketa egongo da.

Bazkal ostean, 16:00etan hasita, ginkana ezberdinak jokatuko dira eta ordu erdi beranduago, 16:30ean, Bizikleta Tailerra egingo da, oinarrizko mekanika ikastaroak jasotzeko, biak Eusebio Gurrutxaga plazan. 18:00etan, alebin eta infantil mailako txirrindulari proba ospatuko da. Eta egunari amaiera emateko, 20:00etan bizikleta saltoen ikuskizuna egongo da, hau ere, Eusebio Gurrutxaga plazan.

Horrez gain, bai goizez zein arratsaldez, 10:00-14:00 eta 16:00-19:00ko ordutegian, bizikleta elektrikoak probatzeko aukera ere izango dute zumaiarrek.

Eta guzti hori gutxi balitz, bizikleta bat ere zozketatuko da eguneko ekintzetan parte hartzen dutenen artean. Horretarako, parte hartzaile bakoitzari txartel bat banatuko zaio eta behin hori beteta, Eusebio Gurrutxaga plazan jarriko den buzoian sartu beharko dute. Behin ekitaldi guztiak amaituta zozketa egingo da eta Udala harremanetan jarriko da saridunarekin.

Ekimen horren bitartez, iaz bezala, Udalak helburu du herritarren artean ohitura osasuntsuak bultzatu eta sustatzea, mugikortasun aktibo eta jasangarria indartuz.

Amaitzeko, Udalak eskerrak eman dizkie egitarauaren antolakuntzan parte hartu duten guztiei eta herritarrak animatzen ditu Bizikleta Egun honen hirugarren ediziorako antolatutako ekintzetan parte hartzera.