Bizikleta konpontzeko eta gurpilak puzteko postea jarri du Udalak udaltzaingoaren eraikinaren alboan

2019/01/09
Mugikortasun jasangarria bultzatzeko helburuarekin Zumaiako Udalak bizikletaren erabilera errazteko baliabideak eman nahi dizkie herritarrei. Lehen poste hau udaltzaingoaren alboan jarri bada ere, aurreikusita dago laster beste bat jartzea beste kokapen batean.

Zumaiako Udalak apustu sendoa egiten du mugikortasun jasangarriaren alde eta bide horretan  beste urrats bat egin du zumaiarrei bizikletaren erabilera errazteko. Poste bat jarri du, udaltzaingoaren eraikinaren alboan, bizikletak konpontzeko eta gurpilak puzteko. Aipatu posteak bizikletak konpontzeko oinarrizko erremintak eta puzgailua ditu bizikleta erabiltzen duten herritarren eskura, egunerokotasunean sortzen diren mantenu beharrak asetzeko. Laster beste poste bat jartzea aurreikusten da, Zumaiako beste puntu batean.

Legealdi hasieratik hainbat ekimen burutu ditu Udalak bizikletaren erabilera areagotzeko, erabilera honek onurak ekartzen baitizkio bai herriari baita herritarrei ere. Ingurumenarekiko errespetuzkoa den mugikortasuna eta ohitura osasungarriak bultzatzea  helburu izanik, Zumaiako Udalak, dagoeneko Bizikleta Egunaren hiru edizio antolatu ditu eta bidegorri sarea hobetu eta zabaldu du, besteak beste. Horrelako neurrien bidez, mugikortasun jasangarriarekiko egiten duen apustua berresten jarraituko duela iragarri du Udalak.