Bizikletan ibiltzen eta autoa gidatzen hobeto ikasteko saioak Ingurumen Sailaren eskutik

2009/05/26

Aste Berdeko programazioaren baitan antolatu ditu Udalak bi ikastaroak. Bizikletan ibiltzen ikasteko saioak ekainaren 8tik 12ra bitartean egingo dira. ‘Gidatze ekonomikoa’ izeneko ikastaroa, berriz, ekainaren 13an izango da.

 

Zumaiako Udaleko Ingurumen Sailak bizikletan ibiltzen eta gidatzen ikasteko saioak antolatu ditu Aste Berdearen programazioaren baitan. Ekainaren 3an bukatuko da bizikletan ibiltzen ikasteko saioetan izena emateko epea; ‘gidatze ekonomikoa’ ikastaroan, berriz, ekainaren 5a baino lehen apuntatu beharko da.

Bizikletan ibiltzen ikasteko saioak ekainaren 8tik 12ra bitartean (biak barne) egingo dira. Helduei nahiz haurrei zuzenduta dago eta 30 euro ordaindu beharko da izen-emateagatik. Ikasle kopuru mugatua izango da; ikastaro bakoitzeko lau ikaslek hartuko du parte gehienez.

Ikastaroan izena emateko edo informazio gehiago lortzeko ondorengo telefonora deitu beharko da: 656728085 (9:00-21:00). Ekainaren 3an, asteartean, bukatuko da izena emateko epea. 

 

Gidatzen hobeto ikasteko

‘Gidatze ekonomikoa’ izeneko ikastaroa ere heldu nahiz haurrei zuzenduta dago. Ekainaren 13an egingo da, 10:00etatik 14:00etara eta doan izango da. Ikastaroaren honako baloreak irabaziko ditu ikasleak: erregai gutxi kontsumitzea, ingurumen-kutsadura murriztea, erosoago gidatzea, errepideetako arriskuak gutxitzea eta dirua aurreztea.

Gidatzen ikasteko ikastaroan izena emateko 943861056 (Foronda) telefonora deitu beharko da edo ingurugiro@zumaiakoudala.net –era idatzi beharko da. Ekainaren 5ean bukatuko da izen-emate epea.