Urola bailara ezagutzeko 'Bost geldialdi historian'
Atzo, asteazkena, aurkeztu zuten Azpeitiko Trenaren Museoan ‘Bost geldialdi historian’, Urola bailarako eskaintza turistiko berria. Zumaiako Algorri Interpretazio Zentroak eta Zuloaga museoak parte hartuko dute ekimenean.
Urola bailarako irudi eta eskaintza turistiko bateratua indartzea da egitasmoaren helburua. Hala, Urola bailaran zehar bost geldialdi dituen bidaia egiteko gonbitea egingo zaie bisitariei.
Bost geldialdi horietatik bi Zumaian kokatu dituzte. Izan ere, Algorri Interpretazio Zentroak eta Zuloaga museoak parte hartuko dute ekimenean. Horiez gain, Azpeitiko trenaren museoak, Loiolako Santutegiak, eta Zestoako Ekainberrik osatuko dute ibilbidea.
Beste herrietako eta Iraurgi Lantzeneko ordezkariekin batera, Zumaiako Udaleko turismo saileko, Algorriko eta Zuloagako ordezkariek hartu zuten parte atzoko aurkezpenean.



