Buru gaixotasunari eta familia barruko harremanei buruzko hitzaldia eskainiko du Agifesek ostegunean
Iker Arrizabalaga Agifeseke psikologoak eskainiko du hitzaldia, irailaren 18an, ostegunean, 18:30etatik aurrera Alondegian.
Iker Arrizabalaga psikologoak buru gaixotasuna dagoen kasuetan familia barruko harremanak hobetzen ikasteko hitzaldia eskainiko du ostegun honetan, irailak 18, Alondegian, 18:30etatik aurrera. Senideei nahiz buru nahasmendua duten pertsonei zuzendutako saio praktikoan, komunikazioa indartzeko, gogo-aldarte egoera ezberdinak kudeatzeko eta gatazkak gainditzeko jarraibideak eskainiko ditu Arrizabalagak.
Ekimena ‘Imajinatu Buru Osasuna guztion eskura’ sentsibilizazio kanpainaren barne dago. Osasun mentala banako nahiz taldeko erronka dela azpimarratu nahi du Agifesek eta, horretarako, kontzeptuaren definizio berria proposatzen du, “guztiontzat baliagarria dena” eta eguneroko pauso, keinu eta helmuga txikietan oinarritzen dena.



