'Celda 211' filma eskainiko dute gaur udako zinema zikloan
Gaurko saioarekin emango zaio amaiera Ostarrenak antolatutako udako zikloari.
Udako zinema zikloaren baitan, gaur (osteguna) eskainiko dute azkeneko filma. 'Celda 211' filma izango da gaurkoan eta hor itxiko da aurtengo edizioa. Aurreko saioen gisara, Aita Marin izango da 22:30ean hasita.
Sinopsia:
Juan, espetxeetako funtzionario kargua hartzear dagoela, bere lantoki berria izango denera joan da. Istripu bat izango du han, justu preso arriskutsuenen sektorean matxinada gertatu baino minutu batzuk lehenago. Bere lankideek, euren buruak salbatzeko alde egingo dute sektore horretatik, eta Juan 211. zeldan geratuko da lurrean zorabiatuta. Esnatzean, egoeraz jabetuta, beste preso bat balitz bezala aurkeztuko da matxinatuen artean. Hortik aurrera, abilezia, gezurrak eta arriskua izango ditu bidelagun protagonistak, patuak prestatu dion itxialdi paradoxikoaz ohartu gabe.
Daniel Monzonek zuzendutako lan honek zortzi Goya sari irabazi zituen, horien artean, pelikula, zuzendari eta aktore onenarentzat (Luis Tosar).



