Datorren astean ekingo diete Odieta auzoan etxebizitzak egiteko lanei
Zumaia Lantzenek sustatuta, 26 etxebizitza egingo dituzte. Obrak plaza egokitzetik hasiko direla jakinarazi dute eta plazaren atzealdetik izango dute sarbidea kamioiek.
Zumaia Lantzenek jakitera eman duenez, datorren astean ekingo zaie Odieta auzoko etxebizitzak egiteko lanei. Guztira, 26 etxebizitza eraikiko dira; 13 lehengo etxeetako bizilagunentzako izango dira, eta beste 13ak salmentan jarriko ditu Zumaia Lantzenek.
Aurreikuspenen arabera, martxoaren erdialdera hasita izango dira lanak eta egingo duten lehendabiziko zeregina, Zumaia Lantzeneko teknikarien arabera, “Eusebio Gurrutxaga plaza egokitzea” izango da: “plazan zenbait egokitze lan egingo dira, aste santu alderako herritarrek eremu hau erabilgarri izan dezaten”. Izan ere, behin eraiste eta bolumen handiko lanak eginak daudela, atzealdetik izango dute aurrerantzean kamioiek sarbidea etxebizitzen eraikuntza lanei ekiteko. Horrek ahalbidetuko du berriro ere Beheko plaza herritarrentzako modu egokiagoan erabilgarri egotea datozen ekitaldietarako: Aste Santuak, santelmoak…
Hasierako proiektuetan legez egin beharreko zenbait egokitzapenekin batera, etxebizitzen ezaugarrietan zenbait hobekuntza aurreikusi dira. Isolamendu termikoa eta akustikoa, adibidez, hobetu egingo dira eta bizilagunen kontsumo energetikoa justuagoa izango da ezarriko diren eguzki-plakei esker. Etxebizitzen distribuzioan ere zenbait aldaketa emango dira; balkoiak izango dituzte etxebizitzek eta espazioaren banaketa ohikoagoa izango da.
Egokitzapenak eginda
Joan den urteko urritik geldituta egon dira etxebizitza hauek egiteko lanak. Iñaki Agirrezabalaga Zumaiako alkateak eta Andoni Etxaniz Udaleko Hirigintza zinegotziak azaldu dutenez, proiektuari “zenbait egokitzapen” egin zaizkio: “Alde batetik, eta Zumaia Lantzenen Administrazio Kontseiluak hala erabakita, lehiaketa publiko bidez esleitu zen 2009an obra zuzendaritza. Ordutik, proiektuan hainbat egokitzapen egiten aritu da zuzendaritza talde berria. Nagusiena Eraikuntzaren Kode Teknikoetarako egokitzapena”. Zumaia Lantzeneko arduradunek azaldu dutenez, kode berria da eta eraikitzeko irizpide eta baldintza berriak eskatzen ditu, horien artean eguzki-plaken instalazioa.
Orain, eta lizentzia eta egokitzapen guztiak bideratuta, obrak berriro hasteko akordioa lortu du erakundearen Administrazio Kontseiluak. Eraikitzaileak 2011ko uztailerako etxebizitzak amaituta egongo direla agindu du.



