Datorren asteartean izango da Hondakinen Batzorde Herritarra osatzeko lehendabiziko bilera

2010/06/16

Algorri Interpretazio zentroan izango da bilera eta herritar guztiak daude gonbidatuta. Hondakinen kudeaketaren inguruan, herritarrei informazio teknikoa helarazi eta hausnarketa bultzatzea izango da egitasmoaren helburua.

 

Zumaiako Udalak Hondakinen Batzorde Herritarra sortu eta bideratzeko proiektua abian jarri du. Helburua, hondakinen kudeaketaren inguruan herritarrei informazio teknikoa helarazi eta hausnarketa bultzatzea izango da.

Horretara bidean, datorren asteartean, hilak 22, egingo da lehendabiziko bilera. 19:00etan hasiko da bilera Algorri Interpretazio Zentroan eta herritar guztiak daude gonbidatuta. Lehendabiziko bilera horretan eratuko dute Batzordea. Horrekin batera, prozesua aurkeztu, adostu eta adituak eta bisitak zehaztuko dira, baita egutegia ere.

Elhuyar Aholkularitzak gidatuko du prozesua eta azaldu dutenez, “gaur egungo hondakinen kudeaketa-ereduaren ondorioz zabortegiak betetzen ari dira, eta etorkizun hurbilera begira konponbideak bilatu beharrean aurkitzen dira Gipuzkoako udalerri eta erakundeak”. Zumaiako Udala ere kezkatuta dago hondakinek sortzen duten arazoarekin eta, hori dela eta, interesa duten herritarrekin hondakinen gaia landu nahi du, sentsibilizazioa eta hausnarketa bultzatzeko.

Datorren asteartean egingo da egitasmoa abian jartzeko aurreneko bilera eta abendura arte luzatuko da prozesua.