Gaur (asteazkena) zabaldu da euskara ikasteko dirulaguntzak eskatzeko epea
Zumaiako Udalak ohiko ikastaroak, ikastaro trinkoak edo barnetegietakoak lagunduko ditu diruz, aurrez aurrekoak nahiz autoikaskuntza eta internet bidezkoak. Uztailaren 15a izango da eskariak aurkezteko azkeneko eguna.
Gaur (uztailak 1, asteazkena) zabaldu da ikasturtean zehar euskara ikasteko dirulaguntzak eskatzeko epea. Zumaiako Udaleko Euskara Zerbitzuak urtero egiten dute deialdia eta ekimenak euskaraz ez dakiten herritarrak euskara ikastera animatu nahi ditu.
Ohiko ikastaroak, ikastaro trinkoak edo barnetegietakoak lagunduko dira diruz, aurrez aurrekoak nahiz autoikaskuntza eta internet bidezkoak. Diru-laguntzak jasotzeko, ordea, bi baldintza egiaztatu beharko dira: batetik, Zumaian erroldatuta egotea, eta, bestetik, %80ko asistentzia edo aprobetxamendua egiaztatzea, gutxienez.
Uztailaren 15a azkeneko eguna
Uztailaren 15a izango da eskariak aurkezteko azkeneko eguna. Interesatuek dokumentu hauek aurkeztu beharko dituzte eskaria egiterakoan: eskabidea (beste dirulaguntzen aitorpenarekin), Nortasun Agiriaren kopia, matrikularen agiria, euskaltegiaren ziurtagiria (maila, datak, ordu kopurua, asistentzia…), eta egoera bereziak egiaztatzeko agiriak (langabezia-txartela edo gizarte zerbitzuen txostena).
Udako ikastaro eta barnetegiei dagokionez diru-laguntzak eskatzeko beste epe bat irekiko dutela jakinarazi dute Euskara Zerbitzutik. Kasu horretan, irailaren 1etik 15era bitartean aurkeztu beharko dira eskariak.
Euskara ikasteko diru-laguntzen oinarriak dokumentu honetan dauzkazu edo informazio gehiagorako begiratu Euskara Zerbitzuaren orrialdean.



