Datorren astelehenean zabalduko da udako kirol ikastaroetan izena emateko epea

2019/05/28

Ohiko ikastaroez gain, uda sasoiari begira, herriko kirol elkarteekin elkarlanean, piragua, arraunketa, surfa edo mendiko bizikleta ikastaroak eskainiko dira, besteak beste. Ikastaro guztiak 15 egunekoak izango dira eta izen-ematea kiroldegian egin beharko da, surf/bodyboard-en kasuan ez ezik; horretarako 638 675 558 telefonora deitu beharko da

Uda iristear dago eta urtero bezala, kiroldegiko arduradunek, herriko kirol elkarteekin elkarlanean, ikastaro egitarau zabala eta anitza antolatu dute adin guztietako lagunei zuzendua.

Horiek horrela, kiroldegian aerobic, zumba, pilates, cycling, igeriketa edo patin ikastaroan egingo dira helduentzat eta haurrentzat, aldiz, ohiko ikastaroez gain (aerobic, igeriketa, zumba) tenisa, multikirola eta patin ikastaroak ere eskainiko dira. Horiez gain, kirol elkarteek arraunketa, mendiko bizikleta, piraguismo eta surf zein bodyboard ikastaroak eskainiko dituzte.

Ikastaro guztiek 15 eguneko iraupena izango dute, astelehenetik ostiralera eskainiko dira goizez zein arratsaldez eta adin guztietako zumaiarrek, bazkideek eta bazkide ez direnek ere parte hartu ahal izango dute.

Pertsona interesdunek kiroldegian eman beharko dute izena eta surf edo bodyboard ikastaroaren kasuan, 638 675 558 telefonora deitu beharko dute.

 Udako kirol eskaintza