Datorren ikasturterako eskaintza berriarekin zabaldu du matrikulazio epea Zumaiako Musika eta Dantza Eskolak

2026/05/14

Adin eta behar desberdinetako herritarrei zuzenduriko tailer eta ikastaroak izango dira 2026/2027 ikasturtean. Guztira, 430 ikasle ditu gaur gaurkoz Zumaiako Musika eta Dantza Eskolak, eta gehiagorengana iristea du helburu.

Zabaldu du Zumaiako Musika eta Dantza Eskolak 2026/2027 ikasturteko matrikulazio epea. Urtero legez, musika tresnak, musika mintzaira, instrumentuak, dantza garaikideak eta euskal dantzak eskainiko dituzte, besteak beste, Komentua Kultur Topagunean kokaturiko eskolan. Orain artean eskolan aritu diren ikasleek maiatzaren 11tik 15erako epea dute datorren ikasturtean izena emateko; ikasle berriek, maiatzaren 18tik 25era bitartekoa.

Musika eta Dantza Eskolako irakasleen helburuen artean dira eskola ahalik eta herritar gehienei zabaltzea. Horretan jardun dute azken urteotan, eta lan horren erakusgarri dira datuok: 430 ikasle ditu eskolak; horietatik 131, helduak. Hogei urtean, gainera, % 30ekoa izan da ikasle helduen kopuruaren igoera.

Esku artean berritasunekin zabaldu dute matrikulazio kanpaina, halere: eskola gehiago zabaltzeko asmoz, aurten, herritarren adin eta behar desberdinak aintzat hartu nahi izan dituzte eskaintza prestatzerakoan.

Lau saio gehiago eskainiko dituzte datorren ikasturtean:

> Musika tailer bereziak (+8)

  • Ordubeteko saioa astean. Ikaslearen beharraren arabera, saioaz gain eskolako beste talde batean egoteko aukera egongo da, pertsonen arteko erlazioak eta sozializazioa sustatzeko. 
  • Norentzako: Behar bereziak dituzten pertsonei zuzendua.
  • Helburuak: Musikak, komunikazio eta espresio bide izanik, garapen emozionala, soziala eta kognitiboan onurak ekartzen ditu.

> Musika tailer bereziak (+65)

  • Ordubeteko saioa astean.
  • Norentzako: Etxean bakarrik sentitzen diren pertsonak, parkinsona edota narriadura kognitiboa duten pertsonak.
  • Gizarte zerbitzu osoago bat eskaintzea, eguneroko dinamikatik at geratzen diren pertsonengana iritsiz.
  • Helburuak: Gizarte babesik ez duten pertsonek dementzia arrisku haundiagoa dutela frogatu da azken urteetan, baita bakardadean eta ezagutza funtzionamendua urritzen doan neurrian ere. Musikak konektatzeko gaitasuna dauka, hurbiltzekoa, pertsonak pentsamendu eta sensazio positibo eta negatiboekin lotzekoa. 

> Abesbatza (9-16 urte)

  • Ordubeteko saioa astean.
  • Norentzako: Adin eta gaitasun desberdinetako ikasleentzat dago zuzenduta, esperientzia musikal bat eskainiz, elkarbizitza eta talde-lana sustatzen dituena. Musika eskolako ikasleez gain, herriko beste edonork parte hartu dezake, aurrez musika heziketarako sarbiderik ez badute izan ere, parte hartu nahi duenarentzat irekia.
  • Helburuak: Jarduerak ez du bakarrik kantua jorratzen, lankidetza, elkar errespetatzea, adierazpen emozionala garatzea, diskriminaziorik gabeko gune batean, non denak ongietorriak izango dira.

> Dantza garaikidea (12-18 urte)

  • Astean ordu eta erdiko saioa.
  • Helburuak: Dantza garaikidea ez dago lehiakortasunera bideratua. Helburua teknika perfektua baino, adierazpena eta prozesua dira, horregatik nerabeetan ondo funtzionatzen du. Gorputzaren kontzientzia eta kontrola, sormena, gorputzarekin erosoago egotea, estresaren kudeaketa, autokonfiantza, lankidetza, komunikazio ez berbala, eta abar.

Jaialdian, hiru ikastetxeak elkarrekin

Aurten, lehenengo aldiz, ikasturte bukaerako jaialdian herriko hiru ikastetxeetako (Herri Eskola, Zumaiena Ikastola eta Oikiako Eskola), Lehen Hezkuntzako 2.mailako ikasleek Zumaiako Musika eta Dantza Eskolako ikasturte amaierako jaialdian parte hartuko dute bi kantu abesten. Emanaldia ekainaren 18an izango da, 17:30ean, Eusebio Gurrutxaga plazan.

Berritasunez gain, ohiko eskaintzari eutsiko diote datorren ikasturtean Zumaiako Musika eta Dantza Eskolan. Hona hemen eskaintza ikusgai:

> Zumaiako Musika eta Dantza Eskola: 2026/2027 ikasturteko eskaintza

> Informazio guztia: zumaiamusikaeskola.eus