Datorren larunbatean Bizikleta Eguna Zumaian!

2019/06/04

Aurtengoa ekimenaren IV. edizioa izango da eta urtero bezala, ekintza egitarau zabala antolatu du Udalak: txirrindulari probak, mendi bizikleta irteera, bizikleta ikuskizuna… Jarduera guztiak Alai auzategian egingo dira aurten eta Udalak zumaiarrak animatzen ditu ekintzetan parte hartzera.

Mugikortasun jasangarria oinarri eta herritarren artean ohitura osasuntsuak bultzatu eta sustatzea helburu hartuta, Zumaiako IV. Bizikleta Eguna antolatu du Udalak datorren larunbaterako, hilak 8.

Horri lotuta, goizeko 09:00etatik hasita arratsaldeko 20:15ak arte, ekintza egitarau anitz bezain zabala prestatu du Udalak, herriko hainbat eragileekin elkarlanean, zumaiarren gozamenerako.

Aurten Alai auzategia izango da ekintza eta irteera guztien abiapuntu zein helmuga. Goizean goiz, 09:30ean, hain zuzen ere, Zumaiako inguruak ezagutzeko mendi bizikleta irteera orokorra egingo da, haur, gazte zein helduentzat, eta bi ibilbide desberdin egongo dira aukeran:

  • Sagarbide-Kantea-Estazioa- depuradora-Karakas-Artia-San Miguel-Talai Mendi- San Telmo ermita-Ardantza-Agerre baserria-Foronda-Sagarbide. Guztira 20 kilometro eta 600 metroko desnibeleko ibilbidea.
  • Sagarbide-Kantea-Estazioa-Depuradora-Ardantza-Algorri-Sagarbide.

Edozein kasutan, mugikortasun jasangarria sustatu eta parte hartzaileen segurtasuna bermatze aldera, jardueretan kaskoa erabiltzea gomendatzen da.

Mendi bizikleta irteerarekin batera, halaber, goizeko 09:00 eta 10:00etan, hain zuzen, cycling saioak egingo dira Aitzuri pilotalekuaren aurrean. Eguraldi txarra eginez gero, Herri Eskolako frontoian eskainiko dira bi saioak. Izen ematea aurrez egin beharko da kiroldegian.

Goizean aurrera eginez,  11:30ean Guraso Elkarteak Udalarekin elkarlanean garatutako Eskola Bideak egitasmoaren txanda izango da. Ekimen horren baitan, haurrekin bi ikastetxeetara joateko definitutako ibilbideak egin eta bide batez, geltokiak ere ezagutuko dituzte.

12:30ean atsedenaldia egingo da eta mokadutxo bat eskainiko zaie goizeko ekintzetan parte hartu duten guztiei. Ondoren, 13:00-14:30 bitartean, ginkana ezberdinak jokatuko dira eta behin goizeko ekintzak amaituta,  14:30ean bazkaria eskainiko zaie parte hartzaileei.

Arratsaldeko ekitaldiak 16:30ean hasiko dira, berriro, ginkana jolasarekin eta 18:30ean alebin eta infantil mailako txirrindulari proba ospatuko da Zuloaga plaza inguruan.  Hori dela eta 18:00-19:30 bitartean, ondorengo kaleak itxita egongo dira ibilgailuentzat:  Axular ibiltokia, Bidabe Azpia kalea, Bonbillobekoa kalea, Bidezarreta kalea eta Jadarre auzoa.18:45etik 19:00etara bitartean trafikoa irekiko da bertako bizilagunen ibilgailuak sartu eta atera daitezen.

Behin proba amaituta, 19:30ean Bizkikleta kalejirak emango dio eguneko egitarauari jarraipena. Azken ekintza hori ere Zuloaga plaza ingurutik irtengo da Aitzuri pilotalekuraino eta kalejira, hain zuzen, bizikleta saltoen ikuskizuna eskainiko duten lagunek egingo dute. Ikuskizun hori 20:15ean izango da Aitzurin.

Horrez gain, bai goizez zein arratsaldez, 10:00-14:00 eta 16:00-18:00ko ordutegian, bizikleta elektrikoak probatzeko aukera ere izango dute zumaiarrek.

Eta guzti hori gutxi balitz, azken ekitaldian (bizikleta ikuskizuna) bi bizikleta ere zozketatuko dira eguneko ekintzetan parte hartzen dutenen artean. Horretarako, jarduera bakoitzeko txartel bana banatuko zaie parte hartzaileei eta behin hori beteta, Alai auzategian jarriko den buzoian sartu beharko dute.

Amaitzeko, Udalak eskerrak eman dizkie egitarauaren antolakuntzan parte hartu duten guztiei eta herritarrak animatzen ditu Bizikleta Egunaren laugarren ediziorako antolatutako ekintzetan parte hartzera.