Datorren ostegunean 19:00etan Kirol Mahaiko bilera egingo da
19:00etan Alondegian izango da bilera, eta Udalak kirol arloan lan egin nahi duten eragile eta norbanakoei bilerara joateko deia egiten die.
Datorren ostegunean, otsailak 7, Zumaiako Kirol Mahaia bilduko da, 19:00etan Alondegian. Bilera horren helburua, Zumaian gaur egun, kirol arloak dituen zutabe nagusien erradiografia azaldu, eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko kirol mahaiak izan beharreko funtzionamenduaren inguruko proposamena azalduko dira.
Hori horrela, Zumaiako Udalaren Kirol Departamentuak kirol eragile guztiei (kirol talde, arduradun…) zein kirol arloan lan egin nahi duen edonori bilera horretara joateko deia egiten die. Azken finean, eragile eta interesdunen artean adostuta, herritarren nahien eta beharren araberako etorkizuna marraztu nahi baita.
Etorkizuna urratuz
Kirol Mahaiaren helburu nagusia, eragile guztien artean herriak kirol arloan hartu nahi duen bidea eta helmuga zehaztea izango dira. Beti ere, elkarlanean eta adostasunetara helduz. Horretarako, hiru talde egonkor osatzea aurreikusten da. Talde bakoitzak herriko kirol arloko eremu bat aztertu eta landuko du. Hala, eskola kirola, errendimendu kirola eta aisialdiko kirola lantzeko hiru talde sortzea da asmoa. Hiru talde horietako arduradun edo bozeramaileekin beste talde bat sortuko da, mahai horren zeregina etorkizuneko planifikazio proposamena egitea izango da.
Kirol mahaiak herriko eragileen sinergiak bildu eta lana optimizatzea du helburu. Azken finean, talde zein eragile ezberdinek dituzten arazo edo gabeziak oso antzekoak dira, eta horiei guztiei erantzun bateratua eman nahi zaie.



