Dena prest da aurtengo Flysch Trail mendi lasterketarako
Aurtengo omenduak Alberto Iñurrategi, Juan Vallejo, Mikel Zabalza eta Antton Bandres zena izango dira. Lasterketa uztailaren 22an jokatuko da, eta izen emate epea oraindik zabalik dago.
Uztailaren 22an jokatuko den Flysch Trail mendi lasterketa aurkeztu dute antolatzaileek, eta lasterketaren inguruko xehetasunak eman dituzte. Laugarren edizio honetan Zumaia eta Deba arteko itsaslabar ikusgarrietan diseinatutako 31,2 kilometroko ibilbide gorabeheratsuan neurtuko dituzte indarrak korrikalariek.
Aurtengoan, larterketa iazkoa bainp pixka bat luzeagoa izango da, mendiko ibilbidea berdina izango da, baina herrigunekoa ohikoa baino zertxobait luzeagoa.
Irteera eta helmuga, Eusebio Gurrutxaga plazan
Iaz ibilbidea gogortzeko egindako aldaketen ondoren, antolatzaileek aurten aldaketa txiki batzuk baino ez dituzte egin, herrigunean. Irteera eta helmuga Beheko plazan izango dira –Erribera kaletik pasata–, eta herri barruan egiten duten itzulian Arrukaletik ere pasako dira. Aldaketa horietan 700 metro gehiago izango ditu seniorren lasterketak. Gainontzean, mendian egin beharreko ibilbidea iazko berbera da.
Sub23 eta juniorren lasterketak, berriz iaz baino ia hiru kilometro gehiago izango ditu.
Omenaldia Iñurrategi, Vallejo eta Zabalzari
Mendiari lotutako kirolariak omentzea da lasterketa honek urtero bete nahi izaten duen helburuetako bat. 2009an Patxi Usobiaga eskalatzaileak jaso zuen omenaldia; 2010ean Edurne Pasaban, Alex Txikon eta Asier Izagirreri egokitu zitzaien. Iaz, Josune Bereziartu eta Rikar Otegi eskalatzaileek, eta Pako Iriondo Euskal Mendi Federazioko presidente ohiak jasoko dute omenaldia.
2012rako, zerrenda horri oraindik ere distira handiagoa emango dioten hiru lagun aukeratu dituzte antolatzaileek: alde batetik, Alberto Iñurrategi, Juan Vallejo eta Mikel Zabalza, munduko mendizalerik onenetakoak. Munduko mendi garaienetan hamaika gailur lortu eta gero, iaz beste balentria bat lortu zuten: Antartika mutur batetik bestera zeharkatzea. Eta, bestetik, iazko irailean zendu zen Antton Bandres zena ere omenduko dute, mendizaletasunaren alde egindako guztiagatik.
Proba hasi aurretik ohorezko aurreskua dantzatuko zaie, zinta moztu eta Keixetaren eskultura berezi bana jasoko dute.
Europako Kopa helburu
Antolatzaileen helburua Flysch Trail lasterketa 2014. urtean Europako Koparako lasterketa puntuagarria izatea da. Hori horrela, Euskadiko Kopako proba izan zen lehenik, Euskadiko Txapelketa iaz, eta aurten Espainiako Koparako aukeratu du Espainiako Federazioak, beste bost probekin batera. Espainiako Koparako puntuagarria izatea beharrezkoa da, Europako Koparako puntuagarria izateko, eta helburu horrekin ari dira lanean antolatzaileak. Gainera, azaldu dutenez, Zumaiako proba erabakigarria izango da aurtengoan: “Azkena urreko proba izango da gure lasterketa, eta hemen erabakiko da Kantabrian jokatuko den azken probarako bakoitzak ze aukera dituen”.
Lasterkariak
Aurtengoan, ohi baino goi mailako lasterkari gehiago izango dira. Izan ere, autonomietako selekzioetako ordezkariak izango dira lehian. Hala ere, badirudi emakumeen artean izango dela lehia estuena eta politena. Oihana Kortazar eta Ana Conde euskal korrikalarien artekoa izango da, ziurrenik, ikusgarriena. Oihana Kortazar, gaur egun, munduko korrikalari onena da, baina Ana Condek erakutsi du Zumaiako ibilbidera oso ondo egokitzen dela eta Kortazarri irabazteko gogotsu dago.
Dirua Aspanogirentzat
Lasterketa honen ideia sortu zen unetik bultzatzaileek garbi izan zuten helburu sozial bat ere izan behar zuela. Aurten ere biltzen den dirua Aspanogirentzat izango da, minbizia duten haurren gurasoen Gipuzkoako elkartearentzat.
Uztailaren 22ko egitaraua
09:30ean, korrikalariak dortsalen arabera, irteerako gunea pasako dira.
09:45ean, omenaldia.
09:55ean, korrikalariak irteerako marran ipiniko dira.
10:00etan, irteera emango da.
13:00: Sub-23 modalitateko sari-banaketa.
13:15: Senior mailako sari-banaketa eta jarraian, beteranoen sari-banaketa.
IV. Zumaia Flysch Trail
Noiz: uztailaren 22an
Ordua: 10:00etan
Lekua: Zumaia
Distantzia: 31,2 km (sub-23, 16km)
Informazio gehiago: www.zumaiaflyschtrail.com
Izen-ematea: http://www.herrikrossa.com/Carreras2e.asp?carrera=225&Submit=Bidali



