Dena prest igandeko Flysch Trail Mendi Lasterketarako
Herritarrentzat, 8:45ean Kutxa aurreko plazatik abiatuta, Indamendi elkarteak gidatutako martxa antolatu dute.
Uztailaren 10ean, igandean, jokatuko da Zumaia Flysch Trail mendi lasterketaren hirugarren edizioa. Zumaia eta Deba arteko itsaslabar ikusgarrietan diseinatutako 30,5 kilometroko ibilbide gorabeheratsuan neurtuko dituzte indarrak korrikalariek. Aurreko bi urteetako esperientzia arrakastatsuaren bideari eusteko ahalegin berezia egin dute antolatzaileek. Eguna 8:45ean hasiko da, Kutxa aurreko plazatik abiatuta, Indamendi elkarteak gidatutako martxa. Zumaiako Elorriagara irteera egingo baita herritarrentzat.
Goi mailako korrikalariak
Aurreko bi urteetan bezala, aurten ere Raul Garcia Castan 2009ko Europako txapelduna Zzumaian izango da. Espainiarra izan da lehen bi edizioetako izar nagusia, eta bera izango da gainditu beharreko korrikalaria. Baina ez da kontuan hartu beharreko korrikalari bakarra izango. Hemen izango dira, besteak beste, Luis Alberto Hernando 2010eko Espainiako Kopako irabazlea eta Europako txapeldunordea, Aitor Osa (iaz bigarren), David Lopez (2010eko Espainiako Kopako irabazlea), Joseba Plaza (Euskal Selekzioa), Walter Becerra edota Pedro Etxeberria zumaiarra. Gainera, Euskadiko Kluben arteko Txapelketa jokatuko denez, ikuskizuna areagotuko duten goi mailako korrikalariak espero dira.
Emakumezkoen artean, Oihana Kortazar sasoi betean dago azkenaldian eta bera izango da garaipena lortzeko faborito nagusia. Garaipen ikusgarria lortu zuen Zegamako mendi maratoian, eta duela egun gutxi Europako Kopako lehen proba irabazi du Emanuela Brizio italiarrari hiru minututik gorako aldea aterarata. Kortazarrez gain, 2010ean Espainiako txapeldun izandako Blanca Serrano eta iazko Flysch Traileko irabazle Ana Conde ere irteeran izango dira. Elena Calvillo (Euskal Selekzioa) ere aipatzekoa da, beste askoren artean.
Ibilbide gogorragoa eta ikusgarriagoa
Aurtengo ibilbidean zenbait aldaketa egin dituzte antolatzaileek, lasterketa gogortze aldera. Izan ere, kluben arteko Euskadiko Txapelketa jokatuko da bertan, eta Euskal Mendizale Federazioak zailtasuna areagotzeko eskatu du. Horrela, ibilbide nagusia 3,5 kilometro luzeagoa izango da (30,5km), eta desnibela eta 1.020 metrotik 1.370 metrora igoko da. Horri esker, probak 42ko koefizientea izango du (lehen 27koa zuen). Sub-23 eta juniorren ibilbidea 13,2 kilometrokoa izango da. Ibilbidean egindako aldaketa guztiak Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Sailarekin aztertu eta adostu dira.
Orohar, ibilbideak asfalto gutxiago eta mendi bide gehiago izango ditu. Lasterketa hasieran, Parolerak joan etorri kendu da, eta hilerrirako igoera ere bai. Horren ordez, Ardantzatik zuzenean Santa Klarara igoko da. Elorriagara iristean, aisialdirako gunetik joan beharrean, eskuinera beherantz doan bidea hartuko da (komunen paretik), muinoaren bestaldean berriro gora egin eta Arantza aldeko bidea hartzeko. Tarte hau joan etorrikoa izango da.
Beste aldaketa Mendata pasa ondoren izango da. Txarturitik Sakoneta aldera zementuzko bidetik jaitsi beharrean, errepidea gurutzatuko dugu eta Sagarmina baserritik Astiko errepidera jaitsi eta Itziartik Errotaberrira doan bide hartuko dugu. Errotaberrira iritsi baino lehen, Uzkangarako bidegurutzea hartuko dugu, Sakonetarako jaitsiera hartzeko.
Azken finean mendiko bide gehiago izango ditu, eta gogorragoa eta ikusgarriagoa izan da.
Herritarren parte-hartzea
Zenbait herritarren ekimenez sortutako lasterketa da Zumaia Flysch Trail, eta, bide horretan, ezinbestekoa da herritarren parte-hartzea lasterketa hau aurrera atera ahal izateko. Horrela, aurten 200 boluntariok egingo dute lan lasterketaren egunean dena behar bezala atera dadin. Horrelako boluntario talde bat ez da batere ohikoa eta antolatzaileek bereziki eskertu nahi diete lanerako erakusten duten prestutasuna.
Horrez gain, proba honek erakundeen eta enpresen babes sendoa du. Aipatu behar da guztira 14 direla antolakuntzan parte hartzen duten erakundeak, tartean Zumaiako Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza; 30etik gora direla enpresa babesleak; eta beste 20tik gora laguntzaileak. Hauen kasuan ere antolatzaileek azpimarratu nahi dute krisi garai hauetan Zumaiako enpresek egin duten ahalegina.
Ingurumena eta turismoa
Lasterketa hau diseinatzeko orduan kontuan hartu dira biotopo babestuak ezartzen dituen baldintzak eta mugak, Zumaiak dituen ondare geologiko eta turistikoak zabaltzea baita beste helburuetako bat. Zentzu horretan, Inda Mendi elkartearen eskutik mendi irteera antolatu da lasterketaren egunean, interesa duenak inguru zoragarri hauek ezagutzeko aukera izan dezan. Eta proba amaitu ondoren, itsaslabarrak itsasontziz ezagutzeko aukera ere izango da.
Arlo soziala
Lasterketa honen ideia sortu zen unetik bultzatzaileek garbi izan zuten helburu sozial bat ere izan behar zuela. Aurten ere biltzen den dirua Aspanogirentzat izango da, minbizia duten haurren gurasoen Gipuzkoako elkartearentzat.
Omenaldia Bereziartu, Otegi eta Iriondori
Ez dira hor amaitzen lasterketa honen berezitasunak. Mendiari lotutako kirolariak omentzea da beste helburuetako bat. 2009an Patxi Usobiaga eskalatzaileak jaso zuen omenaldia; iaz Edurne Pasaban, Alex Txikon eta Asier Izagirreri egokitu zitzaien. Aurten berriz, Josune Bereziartu eta Rikar Otegi eskalatzaileek, eta Pako Iriondo Euskal Mendi Federazioko presidente ohiak jasoko dute omenaldia. Proba hasi aurretik ohorezko aurreskua dantzatuko zaie, zinta moztu eta Keixetaren eskultura berezi bana jasoko dute.
Keixetaren eskultura
Ohiko garaikurretatik aldendu eta irabazleentzat balio berezia izango zuen sari bat nahi zuten antolatzaileek. Horrela, Keixeta artistak egindako brontzezko eskultura bana jasoko dute gizonezkoen eta emakumezkoen maila nagusietako irabazleek. Itzurungo hondartzaren horma irudikatzen du eskulturak.
Haurtzaindegi zerbitzua
Behar duten korrikalari guztiek haurtzaindegi zerbitzua erabil ahal izango dute. Gernika Parkean egongo da.
Izen-ematea
Guztira 537 lagunek eman dute izena: 497 gizonezko eta 40 emakumek. Horietatik 35 izango dira Zumaiarrak, 5 emakume eta 30 gizonezko.
Uztailaren 10eko egitaraua
8:45ean Kutxa aurreko plazatik abiatuta, Indamendi elkarteak gidatutako martxa. Zumaiako Elorriagara irteera.
9:45: Ohorezko aurrezkua eta Zumaiako herriaren omenaldia Josune Bereziartu, Rikar Otegi eta Pako Iriondo.
10:00: Senior eta Sub-23 lasterketaren hasiera.
13:00: Sub-23 modalitateko sari-banaketa.
Gernika parkean haurtzaindegi zerbitzua egongo da.
13:15: Senior mailako sari-banaketa eta jarraian, beteranoen sari-banaketa.
13:30: Zumaiako Udalak babestuta, antolatzaileek txalupaz bidaia egingo dute flysch-a ezagutzera. Irteera 13:00etan izango da Txomin Agirre kaian.
III. Zumaia Flysch Trail
Noiz: uztailaren 11n
Ordua: 10:00etan
Lekua: Zumaia
Distantzia: 27 km (sub-23, 13 km)
Markak: Gizonezkoetan, Raul Garcia Castan (1:51:44); emakumezkoetan, Ana Conde (2:19:08)
Informazio gehiago: www.zumaiaflyschtrail.com



