Dena prest Zakila Birarako
Larunbatean, hilak 3, 17:00etan hasita jokatuko da aurtengo Zakila Bira. Dagoeneko 250 lagunek eman dute izena, baina azken unera arte utzi dutenek oraindik badute aukera www.herrikrosa.eus webgunearen bidez.
Eguraldi iragarpenen arabera, egun bikaina izango da larunbatean. Zerua garbi eta 10 eta 18 gradu bitarteko tenperatura egitea aurreikusten da. Beraz, badirudi eguraldia ez dela izango traba Zakila Biran parte hartzeko. Gaur gaurkoz ia 250 lagun dira lasterketan parte hartzeko izena eman dutenak, baina azken egun hautan ari da jendea mugitzen, eta gaur eta bihar ere jendearen parte hartzeak gora egitea espero da.
Ohi bezala 20 kilometro ibilbidea egin beharko dute lasterkariek Zumaia inguruan: Zumaia-Arroa-Iraeta-Aizarnazabal-Oikia-Bedua-Zumaia izango da ibilbidea.
OHARRA
Lasterketa dela eta, herrigunean gelditzen den Zumaia Donostia ibilbidea egiten duen 17:00etako autobus zerbitzuak ez du geldialdia egingo Txomin Agirre kaian. Beraz, 17:00etako autobus zerbitzuak Pantxita Etxezarreta kalean bakarrik egingo du geldialdia.



