Dena prest Zakila Biraren XIV. Ediziorako

2010/10/01

Dagoeneko 600 lasterkari inguru daude apuntatuta eta egunean bertan ere izen-emateko aukera izango da.

 

Dagoeneko guztia prest dago larunbatean Zumaian jokatuko den Zakila Bira lasterketarako. Larunbatean, 17:00etan hasiko da lasterketa eta korrikalariek 20 kilometroko ibilbidea egin beharko dute helmugara iritsi aurretik.

Antolatzaileek azaldu dutenez, dagoeneko 600 lasterkari inguru daude apuntatuta eta internetez apuntatzeko epea gaur gauean bukatuko den arren, larunbatean ere izen-emateko aukera egongo da. Horretarako, Itsas kiroldegira jo beharko da, larunbatean bertan 9:00etatik 13:00etara bitartean. “Garaiz ibiltzea komeni dela” aipatu dute antolatzaileek, txip eta dortsal guztiak banatu behar dituztelako, eta lasterketa 17:00etan puntuan hasi ahal izateko.

Aurtengo omendua Juan Ramon Llavori

Urteroko tradizioei eutsiz, aurtengo lasterketan ere atletismo munduko herritar bat omenduko dute eta edizio honetan Juan Ramon Llavorik jasoko du merezimenduzko saria. Korrikalaria izandako da Llavori eta Zumaiako atletismoko taldean ere ibilia da. Larunbatean, berak emango dio hasiera lasterketari.

Ikusi hemen iazko lasterketako argazki-bilduma.