Denboralea dela-eta arretaz ibiltzeko eskatzen die Udalak herritarrei
Euskalmeten eta Eusko Jaurlaritzaren gomendioak jarraitzea eskatzen die Udalak herritarrei. Zumaian, bihartik aurrera (ostiraletik) parolmuturreko bidea itxita egongo da, olatu handiak egongo direlako.
Bihartik hasi eta asteburu osoan zehar, itsasaldean alerta horia eta laranja ezarri dute, olatu handiak espero direlako. Hori horrela izanik, herritarrei zuzendutako zenbait gomendio zabaldu dituzte. Zumaian parolmuturreko bidea itxiko da bihartik (ostiraletik) aurrera, olatu handiek sortu ditzaketen arriskuak saihesteko. Itsaso inguruko bestelako eremuetan ere arretaz jokatzea beharrezkoa izango da egunotan.
Hona hemen Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzaren aholkuak denboraleak gertatzen direnerako, ondorio txarrik ez egoteko, edo ahalik eta gehien murrizteko:
HERRITARRENTZAKO GOMENDIOAK:
Prebentzioko neurriak:
- Ez bainatu.
- Errespetatu arriskutsuak izan daitezkeen eremuetara sartzea debekatzen duten seinaleak, eta ez sartu horietara.
- Urrundu olatuak lehertzen diren lekuetatik (haitz, kai-mutur, moila…).
- Ez hurbildu itsas pasealeku, kai-mutur edo itsas labarretara. Uraren indar handiak eraman egin zaitzake.
- Gogoratu zure bizitza bideo edo argazki bat baino garrantzitsuagoa dela.
- Ez joan ibilgailuz kostako errepideetan.
- Urpekaritza egitekoa bazinen, utzi beste baterako.
- Saiatu ontzirik ez erabiltzen, eta begiratu zurea ondo amarratuta dagoen.
- Ez egin uretako kirolik, ezta inondik ere.
Larrialdietan hartu beharreko neurriak:
- Itsasora erortzen bazara, urrundu olatuak lehertzen diren lekutik, laguntza eskatu eta itxoin erreskatatu arte.
- Olatuek eramaten bazaituzte, lasai egon, eta ez egin igeri korrontearen kontra; kostako korronteek indarra galtzen dute tarte batzuetan.
- Larrialdietan, deitu 112 zenbakira.
Herritarren segurtasuna bermatzeko eta ondorio txarrak ekiditeko, beharrezkoa da egoera honetarako prestatutako prebentzio neurriak errespetatzea. Informazio eguneratua Euskalmet-en webgunean eta Twitterren aurki daiteke (@Euskalmet eta @112_SOSDeiak).