Diagnosiaren ondoren Berdintasunerako Plana

2009/10/13

Herritarren, politikarien zein udal teknikarien iritziak eta ekarpenak jasotzeko hainbat ekimen jarriko dituzte abian. Horien artean, aste honetan egingo diren lan talde irekiak. Bihar (asteazkena) egingo da aurrenekoa, 19:00etan Brankan eta Gizarteratzea landuko da.

 

Joan den ostiralean aurkeztu zuten prentsaurrean Zumaiako Emakume eta Gizonen Berdintasun Plana garatzeko prozesua Branka Gizarte Zerbitzuen zentroan. Iñaki Agirrezabalaga Zumaiako alkateak azaldu zuenez, Berdintasun Diagnosiaren ondoren, Berdintasun Planak emango dio jarraipena prozesuari eta Gizarte Zerbitzuetan egindako inbertsioak planaren garapenean ere lagundu egingo duela gaineratu zuen. “Gizarte langile bat izatetik, hiru langilera izatera pasa departamendua eta populazioaren araberako ratioa bermatuz eta orain, langile horietako batek hartuko du emakumeen gaiak tratatzeko ardura”.

Uztailean aurkeztu zuten Zumaiako Emakume eta Gizonen Berdintasun Diagnosia (txostena osorik hemen). Fondo Formación Euskadi izan zen Udalak eskatuta diagnosia gauzatu zuena eta bertako kide Itsasne Loroñok azaldu duenez, “azterketa hark esparru desberdinetan ematen diren desberdintasunak aztertu eta beharrizanak identifikatzeko balio izan zuen”. Orain, “desberdintasunak murriztu” eta emakumeek eta gizonek esparru guztietan “partaidetza orekatua” izateko tresna gisa garatuko da Berdintasun Plana. 

Lau urtera begira diseinatuko da egitasmoa eta honako arloak landuko dira: udaletxeko barne antolamendua, kultura, kirola, gizarte zerbitzuak, hirigintza, garraioa eta ingurumena, hezkuntza, osasungintza eta lana. Arlo bakoitza aztertu ondoren, helburuak definitu eta horiek bideratzeko ekimenak identifikatuko dituzte.

Bihar aurreneko lan-taldea

Herritarren, politikarien zein udal teknikarien iritziak eta ekarpenak jasotzeko hainbat ekimen jarriko dituzte abian: lan-talde tematikoak, elkarrizketak, gizarte foroak, iradokizunen buzoia…

Bihar (urriak 14, asteazkena) egingo da aurreneko lan-talde irekia. Gizarteratzea izango da hizpide eta 19:00etan hasiko da, Brankan. Azaroaren 18ra bitartean, asteazkenero egingo dira lan-taldeak, gai desberdinak jorratzeko. Loroñoren arabera, “berdintasuna, edo desberdintasuna, arlo guztietan dago eta horregatik da garrantzitsua eragile guztien parte-hartzea”.

Horrez gain, abendu hasieran Gizarte Foro bat egingo dute eta hor lan-talde eta elkarrizketetan landutakoa eta jasotakoaren aurrerapena egingo da. Azkenik, iradokizun buzoi birtuala antolatu dute. Prozesuan zehar edozein proposamen egin nahi duenak komunikazioa@zumaiakoudala.net helbidera idatzi dezake.

 

Lan-taldeen egutegia (guztiak 19:00etan Brankan)

 

Urriak 14: Gizarteratzea

Urriak 21: Kultura / Kirola

Urriak 28: Hirigintza, garraioa eta ingurumena

Azaroak 4: Hezkuntza

Azaroak 11: Osasungintza

Azaroak 18: Lana- enplegua

 

Gizarte Zerbitzuak_lantaldea2Gizarte Zerbitzuetako lan-talde berria Iñaki Agirrezabalaga alkatearekin eta Itsasne Loroño teknikariarekin.

 

Urriko Zumaia Zu aldizkarian Gizarte Zerbitzuen inguruan egindako erreportajea irakurri nahi baduzu, klikatu hemen.