Do re ni proiektuari buruzko bilera irekia egingo dute azaroaren 11n

2019/11/07

55 urtetik gorako 200 boluntarioren bila ari dira do re ni elkarteko kideak, musikak zahartze aktiboan duen eragina ikertzeko. Zumaian bilera irekia egingo dute datorren astelehenean, azaroaren 11n.

Do re ni elkarteak ikerketa bat du eskuartean, zahartze osasungarri eta aktiboan musikak izan dezakeen eragina aztertuko duena. Zehazki, ‘do re ni metodoak’ zahartze aktibo eta osasungarria bultzatzeko balio duela frogatu nahi dute. Ikerketa egiteko, Urola Kostako 55 urtetik gorako 200 boluntario behar dituzte. Zumaian egingo duten saioan ikerketaren nondik norakoak azalduko dizkiete zumaiarrei eta parte hartzeko interesa dutenek informazioa jasotzeko antolatu dute.

Ikerketa honen atzean honako ikerlari eta eragileak daude: Nicola Molinaro, BCBLko zientzialaria (Basque Center on Cognition, Brain and Language); José Manuel López Bragado (Barakaldoko Osasun Mentaleko burua, Osakidetzakoa; Xabier Lizaso, 'Do re ni' elkartearen presidentea; Urola Kosta mankomunitatea eta Orioko Udala.

Zumaian egingo den saioan Xabier Lizaso do re ni elkarteko kidea egongo da hizlari moduan. Bilera irekia azaroaren 11n izango da, 19:00etan Jubilatuen Etxeko (Hogarra) 2. solairuan.