EAJ eta PSE-EEk alderdien interesak zumaiarren aurretik jarri dituztela salatu du Udal Gobernuak

2011/02/11

Atzoko plenoan PSE-EE, EAJ eta Pilar Etxabek 2011rako Udal Gobernuak aurkeztutako aurrekontuen kontra bozkatu zuten, beraz, ez ziren onartu. Udal Gobernuak jakinarazi du herritarrei aurrekontuak aurkeztuko dizkietela.

 

Udal Gobernuak atzo, otsailak 10, Udalbatzarrean aurkeztu zituen 2011 urterako aurrekontuak ez ziren onartu EAJ (4), PSE-EE (2) eta Pilar Etxabek (1) aurka bozkatu ostean. Udalbatzarraren erabaki horren balorazioa egin du gaur Udal Gobernuak.

Atzera bota diren aurrekontuek, besteak beste, zenbait "onura" ekarriko zituela gogorarazi du Iñaki Agirrezabalaga Zumaiako Alkateak: "Zumaia Lantzenen finantziazioa eta likidezia bermatuko lukete aurrekontuek. Horretaz gain, inbertsiotarako 11,7 milioi euro bideratzeko asmoa genuen. Aurrezten hasiko ginen, Berdintasun eta Gaztedia sailak aurrekontu propioa izango zuen, Gizarte Zerbitzuetarako laguntza biderkatzeko asmoa genuen eta auzoak biziberritzeko proiektuak abian jartzea espero genuen".

Kontrako botoa emanez, "berriz ere, 2009ko aurrekontuak luzatzera behartu" nahi dituztela salatu du Agirrezabalagak. Alkatearen arabera, “Zumaia geldiarazi nahi dute. Horretarako oposizioan duten indarraz baliatzen dira herriari eta herritarrei kalte egiteko”.

Inguruko herrien egoera ekonomikoa ere aipatu du  Udal Gobernuak,  Zumaiako Udala “egoera pribilegiatuan dagoela” esateko. Agirrezabalagaren iritziz, “ekonomikoki Zumaiako Udala osasuntsu dago", eta EAJk eta PSE-EEk beraiek gobernatzen dituzten herrietan horrelako aurrekontuak aurkeztea nahiko luketela azaldu du. "Baina guztiok dakigu zer-nolako aurrekontuak aurkezten ari diren. Badakite gure aurrekontuak onak direla. Inguruko herrietan EAJ eta PSE-EE onartzen ari diren aurrekontuak ikusita, Zumaiako aurrekontuen kontra bozkatzeko gibela izan dutela ikusteak, argi uzten du benetako intentzioa gure aurka egitea izan dela", jarraitu du Agirrezabalagak. Pilar Etxabe zinegotziak EAko zinegotzi izateari utzi zionean Udal Gobernuan gutxiengoarekin gobernatzen gelditu zirela gogorarazi dute; eta, atzoko plenoan, "EAJ eta PSE-EE Pilar Etxaberen transfugismoaz baliatu" zirela salatu du Udal Gobernuak.  

Andoni Etxaniz Alkateordearen arabera, EAJ eta PSE-EE alderdiek "maltzurkeriaz" jokatu dute. "Azken unera arte PSE-EE-ko zinegotzietako batek aurrekontuak onartuko zirela sinestarazi digu. Udalbatzarrean kontra bozkatuko zutela jakin bazekiten arren, gure bizkar lanean aritu dira, eta kontrakoa sinestarazi nahian ibili zaizkigu", adierazi du. PSE-EEko zinegotziak aurrekontuen aurka bozkatzeko agindua zeukan Etxanizen ustetan, "baina ez zekien nola justifikatu, Gobernu Taldeak zinegotzi horrek egindako proposamen garrantzitsuenak onartu dituelako". Horregatik, PSE-EEko zinegotzi hori azken egunera arte aurrekontuen aurkako botoa justifikatzeko arrazoiren baten bila ibili dela adierazi dute: "Baina ez du aurkitu. Aurrekontuen aurka lotsatuta bozkatu du, argudio bakar bat ere eman gabe. Aginduak jarraitzen ari dela agerian utzi du”, salatu du Etxanizek.

Herriaren kalterako

Gobernu Taldeko ordezkariak ziur agertu dira hauteskundeak urrian balira, aurrekontuak aurrera aterako liratekeela: “EAJ eta PSE-EEren helburua ez da aurrekontuak hobetzea izan. Helburua EA eta Ezker Abertzalearen Udal Gobernuari mina ematea da", adierazi dute. EA eta Ezker Abertzalearen kontra egin nahi izan dutela salatu dute, baina "masailekoa Zumaiari eman" diotela argi utzi nahi izan dute. Bi alderdi horiek jadanik kanpainan daudela salatu dute. Ezker Abertzalearen eta EAren arteko akordioa Gipuzkoan itxaropenez ikusten dela, eta itxaropen hori zapuzteko saiakera izan dela adierazi du Udal Gobernuak: "Benda zauria egin aurretik jarri nahi izan dute. Herritarrak sakrifikatu dituzte, alderdiari mesede egiteko”.

Udal Gobernuaren iritziz erabakia Donostian hartu da

Udal Gobernuko kideek “susmoa eta konbentzimendua” erakutsi dute erabakia Gipuzkoatik etorri dela adierazterakoan. “Alderdien exekutibak esan diete zer bozkatu eta zinegotzi horiek txotxongilo hutsak direnez, kontra bozkatu dute. Zumaia alderdiaren azpian jarri dute", diote. Udal Gobernuak aurrekontuak onartzeko ahalegin guztiak egin dituela adierazi du. Hori lortzeko, besteak beste, herritarrekin parte hartze prozesuak abian jarri dira, eta  alderdiekin eta eragileekin harreman zuzenak izan ditu, eta konpromisoetara ere iritsi da.

Udal Gobernuak azaldu duenez, "ez dira gure aurrekontu idealak, baina aurrekontu praktikoak dira, herriari begira egindakoak, eta ahalik eta babes zabalena lortzeko hitzartutakoak".  Hala ere, salatu dute, "horrek guztiak ez du ezertarako balio izan, oposizioko zinegotziek Donostiatik dei bat jaso eta esanei men egiten baitiete,  berdin du guk zer aurkezten dugun".  

Eusko Alkartasuna eta Ezker Abertzalearen arteko akordio estrategikoa

Andoni Etxaniz Alkateordeak motibazio politikoa ikusten du EAJ eta PSE-EEren jarreran: “Ezker Abertzalea eta EAren arteko akordio estrategikoa ahuldu nahi dute. Hori bakarrik nahikoa da ikusteko zer beldur dioten akordio horri". Ezker Abertzalearen eta EAren arteko akordioak "sortzen duen itxaropen olatua badatorrela ikusi, eta egoera politikoa irauli dezakeen hautesle uholdea geldiarazteko" Zumaia aurrekonturik gabe utzi nahi izan dutela adierazi dute. EAJ eta PSE-EEren "operazio zikin horrek erakusten du" Ezker Abertzalearen eta Eusko Alkartasunaren arteko akordioaren sendotasuna eta akordio estrategiko horri EAJk eta PSE-EEk dioten beldurra Udal Gobernuaren arabera. 

Deialdi zabala

Iñaki Agirrezabalaga alkateak herritarrei aurrekontuak aurkezteko bilera deialdi zabala egingo dutela iragarri du: “Aurrekontuak ez onartzeak ez digu guri kalterik egiten, herritarrek badakitelako ez dela gure errua izan. Horregatik, herritarrak zuzenean, eta aurrez aurre informatu nahi ditugu gertatutakoaz. Zer gertatu den azaldu nahi diegu". Aurrekontuak idazterako dei egin zitzaien moduan, aurrekontuak zergatik ez diren onartu azaltzeko ere dei egingo zaiela jakinarazi du: "Guk herritarrekin batera gobernatzen dugulako”. Datorren astean egingo da publiko deialdia.