Edukiontzi gunea erretzearen ondorioz kalteak jasan zituen etxeko bizilagunek edukiontziak lekualdatzeko eskaera egin diote Udalari

2018/06/22

Bizilagunen beldurrari erabat ulergarria irizten dioenez, Udala Mankomunitatearekin harremanetan jarri da edukiontziak etxebizitzarik ez dagoen kalearen beste aldera pasatzeko. Edozein kasutan, horrek arazoa konpontzen ez duela adierazi du Udalak, konponbidearen gakoa elkarbizitza arauen errespetuan dagoela.

Atzo goizaldean Txomin Agirren kokatutako edukiontzi guneak jasan zuen erasoaren ondoren, kalteak jasan zituen eraikineko bizilagunek Zumaiako Udalari edukiontzi gunea lekualdatzeko eskaera helarazi diote.

Zumaiako Udalak, honek arazoa bera konponduko ez duela jakinda ere, Mankomunitateari eskaera egin dio, edukiontziak etxebizitzarik ez dagoen kalearen beste aldera pasatzeko eta Mankomunitateak aintzat hartu du egindako eskaera. Udalak erabat ulertzen du bizilagunen beldurra, horrelako ekintza baten ondorioak ezin baitira aurreikusi eta, atzoko oharrean Udalak aipatzen zuen bezala, bizilagunen bizitzak ere arriskuan jartzen dira.

Udalak, horrelako ekintzak ekiditeko, bere esku dagoen guztia egiten jarraituko du eta horretan dihardute baita Ertzaintzak eta Udaltzaingoak ere, bildutako informazioarekin erasotzaileak identifikatzeko lanetan.

Edozein kasutan, arazoaren benetako eta betirako konponbidearen gakoa elkarbizitza arauen errespetuan dago eta horrelakoak egin edo sustatzen dituztenek hausnartu beharko lukete ekintza hauen eraginaren inguruan. Udalaren ustez, erreketa honek bizilagunak arriskuan jartzea, beldurtzea eta guztion artean ordaindu beharko ditugun kalte materialak eragitea besterik ez baitu lortu.