Hondakin organikoak etxean gaika biltzeko ontzi marroiak eskuratu daitezke udaletxean
Edukiontzi horretara bota beharreko hondakinen edozein zalantza argitzeko 943 89 08 08 zenbakira deitu daiteke.
Zumaiako Udalean 5. edukiontzia erabiltzeko giltza, edukiontzia eta poltsak eskuratu daitezke aste honetatik aurrera. Orain artean Udal Elkartearen bidez banatzen baziren ere, hemendik aurrera udaletxean bertan jaso daitezke.
Biohondakinak biltzeko edukiontzi marroian hondakin organikoa biltzen da. Edukiontzi hori erabiltzeko banatzen diren poltsak konpostagarriak dira; beraz, edukiontzi marroirako bakarrik dira. Poltsa horiekin bakarrik egin daiteke, hau da, ezin dira erabili bestelako plastikozko poltsak.
Oso garrantzitsua da edukiontzi honetara bota beharreko gaikako bilketa ondo egitea, izan ere, batek gaizki egitea nahiko da beste guztien lana ezerezean uzteko. Beraz, edozein kezka edo zalantza baduzu, deitu 943 89 08 08 zenbakira (astelehenetik ostiralera 8:00etatik 15:00etara bitartean)
Edukiontzi honetara, etxean, baratzean zein lorategian sortutako edozein biohondakin (prestatuak edo prestatugabeak) bota behar da.
Bota beharrekoak:
- Landare jatorriko hondakinak: fruta barazki, lekale, pasta eta arroz hondakinak. Baita fruta hezurrak, lore eta landare hondakinak, alpistea, baratzeko hondakinak, belarra eta inausketa hondakinak ere.
- Animalia jatorriko hondakinak: Haragia, arrautzak, arraina eta marisko (oskola eta azalak) hondakinak. Haragi eta arrain hezurrak ere 5. edukiontzira bota behar dira, eta gazta zati edo azala bera ere bai.
- Bestelakoak: Sukaldeko papera, paperezko ezpainzapiak eta mukizapiak, madalenen paperak eta kartoizko arrautza-ontziak zikinak baldin badaude (garbia badago, edukiontzi urdinera bota behar da). Kafe eta infusio hondarrak eta poltzatxoak, ogi, opil eta gaileta hondarrak, arrautza oskolak, fruitu lehorren azalak, kortxo naturala, txotxak…
Ez dira bota behar 5. edukiontzira errautsak, lurra, fardelak, komuneko papera, konpresak eta tanpoiak. Guzti horiek zabor ontzian utzi behar dira.



