Egin auzokonposta elkarlanean, auzolanean

2012/11/07

Auzokonposta egin nahi duten herritarrek izena eman dezakete dagoeneko, 616 226 050 telefonora deituta edo auzokonposta@gmail.com helbidera idatzita. Azaroaren 12an eta 13an Oikian (elkartean) eta Branka egingo dira bilerak. Herritar orori zabalduak dira bilerak, eta Zumaiako Udalak herritarrak auzokonposta egitera animatu nahi ditu.

 

Hondakinak gaika biltzerako orduan, oso garrantzitsua da materia organikoa bereizita jasotzea. Hori bultzatu eta susatzeko asmoz ezarri zen Zumaian 5. edukiontzia. Ordutik pasatu dira urte batzuk, eta gaur egun ehundaka herritar dira edukiontzi marroia erabiltzen dutenak.

 

Baina Zumaiako Udalak urrats gehiago ere eman nahi izan ditu. 2011 urtean zelaia edo baratza zuten herritarrak konposta egitera animatzeko kanpaina jarri zuen abian. Gaur egun 54 etxetan egiten dute konposta, herrian.

 

Oraingoan, berriz, auzolanean konposta egiteko kanpaina abiarazi nahi du Udalak. Gure bizilekuen inguruan ditugun berdeguneen erabilpena egitea, aberasgarria izan daiteke, bai herritarren bizi-kalitatearen aldetik bai komunitatearen elkarbizitzarako ere. Testuinguru horren baitan sortu da Auzokonpostatzea Urola Kostan egitasmoa, Urola kostako 5 herrietako bakoitzean (Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaia), berdegune publikoetan gutxienez auzokonpostatze gune bat ezartzeko helburuarekin.

 

Zumaian, Puntanuetako auzotarren aldetik jaso du auzokonpostgune bat egiteko lehen eskaera, eta eskaera horri erantzunez, auzo horretan eta Oikian hasiko da Zumaiako kanpaina. Hasierako asmoa auzokonpostagailuak bi auzo horietan jartzea bada ere, azuokonposta egin nahi duten orok eman dezakete izena. Auzo ezberdinetako herritarren eskaeren arabera, Zumaiako Udalak beste zenbait gunetan auzokonpostagailua jartzea aztertuko du.

 

Lehen urrats bezala, informatzeko bilera irekiak egingo dira. Lehen bilera azaroaren 12-an 19:30ean Oikian izango da, eta bigarrena azaroaren 13an 19:30ean Brankan. Informazio bilera horretan, auzokonposta zer den azalduko da, eta auzo bakoitzerako dagoen proposamena aurkeztuko da. Ondoren, auzotarrek aukeratu ahal izango dituzte gunearen kokapena, eta diseinuaren eta funtzionamenduaren inguruko xehetasunak. Udalak herritarrak lehen informazio bilera horretara bertaratzera animatzen ditu herritar guztiak.

 

Zalantzarik argitzeko edo informazio gehiago jasotzeko auzkonposta.wordpress.com bloga bisitatu daiteke, edo 616 226 050 telefonora deitu edo auzokonposta@gmail.com helbidera idatzi. Izena, telefono honetan bertan ere eman daiteke. Lehen egun edo aste hauetan izena ematen duten herritarrekin azaroa bukatu aurretik tailer bat egingo da konposta nola egiten den azaltzeko. Hala ere, izena emateko aukera beti izango da zabalik.

 

%20ko hobaria

 

Etxean zein auzolanean konposta egiteko sistemak abantailak besterik ez ditu: hondakinak murrizten ditu, zabortegietako eragin kaltegarriak saihesten laguntzen du, landare eta barazkientzat ongarria sartzen du, ingurumena errespetatu eta mesede egiten dio, eta dirua aurrezten du. Hori dena kontuan izanda, Zumaiako Udalak zaborraren tasan %20ko hobaria aplikatzen die konposta egiten duten herritarrei.