Egin euskaraz errenta aitorpena
Euskaldunok euskaraz egiten ez badugu, zeinek egingo du ba?
Aurten ere Zumaiako Udalak EGIN EUSKARAZ ERRENTA AITORPENA kanpaina jarri du martxan. Kanpaina horretan mahai gainekoak banatu eta kartelak jarriko dira hainbat lekutan. Horrekin batera, Udaleko Euskara Zerbitzua errentaren aitorpena egiten duten aholkularitza zerbitzuekin harremanetan jarri da eta kanpainarekin bat egiteko eskatu diete.
Kanpainaren helburua
Helburua da hastear den errentaren aitorpenaren kanpainan zumaiar gehiagok egitea aitorpena euskaraz. Hona hemen aurreko urteetako datu batzuk:
|
Zumaiako datuak |
2009an |
2010ean |
2011n |
|
Aitorpena egin zuten herritarrak |
5.058 |
5.091 |
5.059 |
|
Foru Ogasunarekin harremanak euskaraz izan daitezela eskatu zutenak |
758 (%14,98) |
802 (%15,75) |
830 (%16,40) |
2012an, gainera, Aldundi osoarekin harremana euskara hutsez izan nahi duten herritarren errolda osatzen hasi nahi du Gipuzkoako Foru Aldundiak.
Errentaren aitorpena euskaraz
2011ko urteari dagokion errentaren gaineko aitorpena egiteko kanpaina apirilean hasi eta ekainaren 25ean amaituko da; etxera bidalitako autolikidazio proposamenak apirilaren 11tik aurrera berretsi ahal izango dira.
Lau bide dituzu aitorpena egiteko:
- Autolikidazio proposamena
- Mekanizatua
- Telematikoa (aholkularitza zerbitzu batean)
- Nork bere bidetik
Guztietan erabil daiteke euskara. Nola? Segi irakurtzen.
AUTOLIKIDAZIO PROPOSAMENA
Zergadun batzuei etxera bidaliko dizuete proposamena, Foru Ogasunak eskura daukan informazioan oinarritutakoa. Proposamena ontzat ematen baduzu, bi bide daude onartzeko: telefonoz edota Internet bidez.
Egin euskaraz: proposamena eta eskutitza ele bietan jasoko dituzu. Telefonoa erabiliz gero, euskara erabiltzeko aukera emango dizute; gainera, aurrerantzean Foru Ogasunarekin dituzun harremanak euskaraz izan daitezen nahi ote duzun galdetuko dizute. lnternetez eginez gero, euskarazko aukera erabil dezakezu.
MEKANIZATUA
Foru Ogasuneko bulegoetan egiten da; gure eskualdean Azpeitian egin dezakegu. Horretarako hitzordua eskatu behar da, telefonoz edo lnternetez.
Egin euskaraz: telefonoak euskara aukeratzeko bidea emango dizu, baita lnterneteko atariak ere. Bulegoan euskaraz hitz egiten baduzu, langileak euskaraz beteko du zure aitorpena; hala ere, ziur egoteko, adieraz iezaiozu aitorpena euskaraz egiteko borondatea. Bukatzeko, aurrerantzean Foru Ogasunarekin dituzun harremanak euskaraz izan daitezen nahi ote duzun galdetuko dizute.
TELEMATIKOA
Baimenduta dauden erabiltzaileek har dezakete bide hau, eta batez ere aholkularitza zerbitzuek erabiltzen dute. Gune horietara gure sarreren, gastuen, kenkarien eta abarren frogagiriak eraman eta bertako langileak arduratzen dira aitorpena egin eta bidaltzeaz. Bezero jakin batzuentzako zerbitzua izan ohi da.
Egin euskaraz: ondoko zerrendan duzu Zumaian non egin ahal izango duzun zure aitorpena euskaraz. Nahikoa duzu bertako langileari euskaraz egin nahi duzula adieraztea.
|
HEMEN LAGUNDUKO DIZUTE |
|
|
|
Ricardo Azcue aholkularitza |
Txomin Agirre kaia 4 |
943 862651 |
|
Unanue aholkulariak |
Erribera kalea 6 |
943 860960 |
|
Zumai aholkularitza |
Amaiako plaza 15 |
943 862624 |
NORK BERE BIDETIK
Inprimakia estankoetan eros daiteke edo lnternetetik jaitsi. Sinadura elektronikoa eta pasahitz operatiboa eskuratuz gero, aitorpena osorik Internet bidez ere egin daiteke.
Egin euskaraz: inprimakiak ele bietan daudenez, zeuk erabaki ahal izango duzu zein hizkuntza erabili. Interneteko gunean euskaraz betetzeko aukera izango duzu.



