Egitarau zabala biharko Euskal Jaian euriari aurre egiteko
Azken urteotan bezala, abuztuko bigarren asteburuko ostiralean ospatu ohi den jai arrakastatsuak egitarau zabala izango du. Goizetik hasita, adin guztietako jendeak hartu ahal izango du parte egun osoan zehar burutuko diren ekintzetan. Iragarpenek hutsik egiten ez badute, euria eta 17-21º arteko tenperaturak izango ditugu
Eguraldia lagun eta geroz eta zabalagoak izan diren egitarauek lagunduta, azken urteotan indarra hartu du Zumaiako Euskal Jaiak. Aurtengoan, Euskal Metereologia Agentziaren iragarpenak hutsik egiten ez badu, eguraldiak ez du askorik lagunduko. Honen arabera, ipar ukituko haizeak hodeiak bultzatuko ditu eta euria egingo du. Trumoiak jotzeko arriskuak ere gurekin jarraituko omen du eta tenperaturak 17-21º artean ibiliko dira.
Hala ere, goizeko 10:00etako txupinazoarekin hasi eta egitarau zabala izango da biharkoan ere. Musika, bertsolaritza, baserriko gaien azoka, tailerrak eta antzekoekin, mota guztietako ekintzak antolatu dira adin guztietako jendearentzat.
Alde Zaharra, ibilgailuei itxita
Udaltzaingoak jakinarazi zuenez, Euskal Jaiak aldaketa batzuk eragingo ditu ibilgailuen joan-etorrian, gutxi gora-behera goizeko 9:00etatik arratsaldeko 16:00ak bitartean. Tarte horretan ibilgailuek ezin izango dute herriko Alde Zaharrean barrena ibili, larrialdietakoak izan ezik.
Ondorioz, Erribera 1 eta 1Bis ateetako garajeetara eta aparkatzeko guneetara iristeko bideak Zuloaga Plaza eta Bonifazio Etxegarai izango dira; herriko kutxa gehienak aurkitzen diren ertzetik zeharrekoa alegia.
Euskal Jaieko egitaraua
- 10:00etan: Txupinazoa eta egunari hasiera
- - UGARTE ANAIAK txalapartariekin batera azokaren irekiera
- - HALA GERA albokarien eta dultzainarien kalejira
- - ITURENGO JOALDUNAK
- - Bitartean alde zaharrean: BASERRIKO GAIEN AZOKA irekiko da. Gazta mota ezberdinak, likoreak, barazki kontserbak, ogi eta pastelak, txakolina eta baserriko barazkiak ikusi, dastatu eta erosteko aukera izango da.
- - HAMAIKETAKOA egiteko aukera ere izango da bertan: San Pedro Txiki abesbatzaren, txorizoa sagardo erara eta sagardoa; eta Goiabe sukaldearen pintxo eta ardo biologikoak.
- 11:00etan: HAURRENTZAT TAILERRAK. San Juan Iturri inguruan otargintza landuko da eta San Pedro Parrokiaren aurrean euskal ikurrak eta kandelak.
- 11:30ean eta 12:30ean udaletxe aurrean, ardiei artile-mozte erakusketa
- 12:00etan Kofradian: salda
- 13:00etan San Juan Iturri inguruan: BALKOITIK BALKOIRAKO BERTSO-SAIOA ETA ZAZPI ASTOREN GAINEAN bertso-txikiteoa trikitilarien laguntzarekin. Bertsolariak: Iñaki Apalategi, Aitzol Barandiaran eta Jon Martin.
- 15:00etan Eusebio Gurrutxaga plazan: BAZKARI HERRIKOIA paella erraldoiarekin (eguzkiagandik babesteko karpak jarriko dira). Txartelak Turismo Bulegoan eros daitezke; helduak 8€ eta haurrek 3€ ordainduta. Menua: Paella, euskal pastela eta sagardoa edo/eta ura.
- 18:00etatik aurrera Kantauri plazan: Txalaparta saio gehiago Ugarte Anaiekin, SAGARDO DASTAKETA eta erromeria ERDIZKA LAUETAN taldearekin
- 23:00etan Kofradian: Berbena TRAKETS taldearekin.



