Egoera ekonomiko finantzieroak behartuta, frontoiaren proiektua berriro lehiaketara ateratzera behartuta da Udala
Gaur egungo egoera ekonomikoaren ondorioz, baldintza pleguetan ezarritako baldintzak betetzea ezinezkoa izan da; Udalak egoera berrira baldintzak egokitzea beharrezko ikusten du, frontoia eraikitzea baitu helburu.
Zumaiako Udalak neurri berriak hartu ditu Zumaiak behar duen frontoia eraiki ahal izateko. Izan ere, duela hilabete batzuk, frontoia eraikitzeko lehiaketa egin bazen ere, gaur egungo egoera ekonomikoak lehiaketa hartako baldintzak betetzea ezinezkoa egin zaio enpresa irabazleari.
Duela bizpahiru urte baldintza pleguetan jartzen ziren baldintzak betetzeko arazorik ez zen egongo. Gaur egun, ordea, finantziazioa lortzeko baldintzak asko gogortu dituzte banketxeek, eta, beraz, baldintza pleguak ezin izan dira bete. Hori dela eta, frontoia eta Ardantzabideko etxeak eraikitzeko lehiaketa berriro egingo da datozen hilabeteotan.
Egoera ekonomiko eta finantzieroa gero eta zailagoa da denontzat. Banketxeak gero eta baldintza gehiago eskatzen dituzte mailegu eta bestelakoak lortzeko. Hori horrela, Zumaiako Udalak, bigarren saikera honetan, faktoreen ordena aldtu egingo du. Horrela, operazioaren denborak egoera ekonomikora egokituko ditu Udalak, operazioak aurrera egin dezan.
Zumaiako Udalak ulertzen du herrian dagoen egonezina eta, hein batean, haserrea. Zumaiako herrian frontoia izan nahi du, eta Udalak ere bai. Frontoia noiz? Galdetzen dute herritarrek, eta Udalak galdera horri lehenbailehen erantzuna emateko lanean jarraitzen du, etengabe. Hala ere, erantzun horren aurretik, ‘frontoia nola?’ galderari erantzun behar dio Udalak. Eta hori zehazteko lanak aurretuta ditu.
Frontoiaren ibilbidea
Frontoia egiteko operazioa ez da batere sinplea. Izan ere, Ardantzabiden etxeak eraikitzeko partzela batean trukean eraikiko da frontoia. Hala ere, Zumaiako Udalak lan asko aurreratuak ditu, dagoeneko. Izan ere, frontoiaren proiektua idatzita dago, Ardantzabiden babes ofizialeko eta Udal babeseko etxebizitzak eraikitzeko Udalak duen partzela prest dago eraikitzen hasteko. Eta frontoia eta partzela esleitzeko lehiaketa bat ere egin da, nahiz eta hori berriz egin beharra izango den, lehendabiziko lehiaketa honetatik ondorioak atera ditu Udalak, eta bigarren saiakerarako baliagarriak izango direlakoan dago Udala.



