EGUBERRIETAKO ARGI APAINGARRIEN ARGAZKI LEHIAKETA JARRI DU MARTXAN UDALAK
Abenduaren 26tik urtarrilaren 6a bitarte udal whatsapp zenbakira bidali ahal izango dituzte zumaiarrek argazkiak. Sariduna epaimahai bidez erabakiko da eta Iriondon dagoen Bittarte erretegian bi lagunentzako otordua irabaziko du.
Iaz Eguberri garaian egin bezala, aurten ere, herritarrei zuzendutako argazki lehiaketa antolatu du Udalak.
Oraingoan lehiaketaren gaia Gabonetako argiak Zumaian izango da. Horiek horrela, parte hartzaileek kalean zein etxean jarritako Eguberrietako argiztapenaren inguruko argazkiak bidali beharko dituzte udal whatsappera, 688 844 400 zenbakira, alegia. Argazkiak mugikorrarekin egindakoak izan beharko dute eta parte hartzaile bakoitzak argazki bat bidali ahal izango du egilearen izen-abizenak gehituta. Irudiak aurkezteko epea abenduaren 26tik urtarrilaren 6a bitartekoa izango da (biak barne).
Sariduna Kultur eta Turismo saileko eta Baleike aldizkariko kideek osatutako epaimahaiak aukeratuko du eta irabazleak Bittarte erretegian bi lagunentzako otordua jasoko du sari gisa.
Halaber, lehiaketako argazki onenak udal webgunean jarriko dira ikusgai.
Animatu parte hartzera!



