Eguneko Zentroa ezagutzeko ate irekien eguna egingo dute azaroaren 12an

2019/11/05

Datorren asteartean, hilaren 12an, ate irekien eguna izango da Zumaiako Eguneko Zentroan. 17:30ean izango da saioa, Brankan.

Eguneko zentroa mendekotasuna duten adineko pertsonen beharrak zaintzeko (fisiko, psikologiko nahiz sozialak) eta familiei deskantsua emateko eguneko zerbitzu bat da.

Adineko pertsonek, egunean zehar ekintza desberdinak egiten dituzte: gimnasia, eskulanak, memoria tailerra, mahai jokoak edota irteerak, besteak beste. Zentroa astelehenetik igandera egoten da irekita, 9:00etatik 17:30era, eta hiru asistentzia modalitate eskaintzen ditu: astelehenetik ostiralerakoa; astelehenetik iganderakoa; eta asteburu eta jai egunak soilik biltzen dituena.

Bertara joateko garraio zerbitzua ere eskaintzen du eguneko zentroak. Bertako dinamikan parte hartzeko eskaera Zumaiako Udaleko Gizarte Zerbitzuen bidez egin behar da, 943 86 22 00 telefonora deituta.

Azaroaren 12an egingo duten ate irekien jardunaldian eguneko zentroaren funtzionamendua eta dinamikaren berri emango diete herritarrei. 17:30ean izango da saioa, Brankan.

Gizarte Zerbitzuen izenean asistentzia konfirmatzeko eskaera egin dute. Horretarako, 943 86 0294 telefonora deitu behar dute jardunaldietan parte hartu nahi dutenek.