Ekainaren 15an emango zaio hasiera hondartza denboraldiari

2011/06/13

Zumaiako Udalak hondartzan ere erantzukizunez jokatzeko eskatzen die herritarrei.

 

Uda eta oporrak gero eta gertuago daude, eta ekaina ere aurrera doanez, iritsi da Zumaiako hondartzen denboraldia irekitzeko garaia. Ekainaren 15ean irekiko da bi hondartzetan denboraldia, eta irailaren 15era arte izango da zabalik. Zumaiako Udalak herritarrei hondartzan arduraz jokatzeko eskatzen die.

Denboraldi irekitzearekin bat, Gurutze Gorriko sorosleak ere bertan izango dira hondartza joaten direnei sorospen zerbitzua eskaintzeko. Horretaz gain, Itzurun zein Santiago hondartzetako saltokiak ere irekita izango dira asteazkenetik.

Erdigunetik Santiago hondartzara barkuan joan nahi duenak ere, asteazkenetik aurrera izango du aukera. Egun horretan jarriko baita txalupa zerbitzua abian.

Aurten ere, Osasun Sailak astero uraren kalitatea neurtuko du. Azken urteotan asko hobetu da Zumaiako hondartzetako uraren kalitatea. Iaz, adibidez, ez zen inolako arazorik izan.

Zumaiako Udalaren Ingurumen Sailak, herritar orori hondartzan arduraz jokatu eta ingurumena zaintzeko eskatzen die. Horrela, hondartza dagoen bezala uzteko gomendio egiten du; zaborrak zakarrontzira bota edo bueltan etxera emateko ere eskatzen du. Aurten gainera, Gipuzkoako Foru Aldundiaren irizpide berriei jarraituta, zakarrontzi gutxiago izango dira hondartzetan. Baina sarrera irteeretan ontzi desberdinak aurkituko dituzte hondartzara joaten direnek. Beraz, hondartzako sarrera irteeretan hondakinak birziklatzeko ontziak izango dira, eta herritarrei birziklatzeko eskatzen die Udalak.

Eta, nola ez, Zumaiako Udalak bainua hartzera itsasora sartzen direnei ere arduraz jokatu eta sorosleen gomendioei kasu egiteko eskatzen die. Eta gogoratu, baita ere, Itzurun hondartzako zati batean, ondo seinalatuta badago ere, harriak erortzen direla labarretik. Beraz, inguru horretan kontuz ibiltzeko eskatzen du Udalak, uda inolako ustekabekorik gabe pasatu dezagun guztiok.

Azkenik, abereen jabeei gogoratu, garai honetan iluntzeko 21:00etatik goizeko 06:00ak bitartean soilik sar ditzaketela beren animaliak hondartzetara.

 

ISO 14001 ziurtagiria, iaztik

Udaleko Ingurumen sailak bideratuta, Zumaiako Santiago eta Itzurun hondartzek lortu zuten ISO 14001 ziurtagiria. Iazko irailean egin zituzten auditoriak bi hondartzetan eta proba guztiak gaindituta, ziurtagiriak jaso zituen  Udalak.

Hondartzen eta bertako zerbitzuen jarraipena egiten du ISO 14001 ziurtagiriak, beti ere, ingurumen ikuspegi batetik begiratuta. 2013a arteko balioa du egiaztagiriak eta urtero egingo dira auditoriek bi hondartzetan.