Ekainaren 19tik 21era egingo da aurten Pintxo Lehiaketa

2009/06/04

Udaleko Kultura eta Turismo sailek antolatu dute laugarren urtez lehiaketa. Aurten, lehenengo aldiz, ‘Txapela Saria’ eskainiko du Euskara Zerbitzuak, izen euskaldunik politena eta originalena duen pintxoa sarituko da.

 

Ekainaren 19tik 21era egingo da aurten Pintxo Lehiaketa. Aurreko urteetako arrakasta ikusita, Udaleko Kultura eta Turismo sailek laugarren urtez antolatu dute lehiaketa. Egun horietan pintxo bat aukeratu eta beren establezimenduetan dastatzeko edukiko dute nahi duten tabernek.

Aurten ere herritarren pintxo gustukoena eta epaimahaikideena sarituko dira. Horretarako, parte hartzen duten pintxoak euro batean jarriko dira establezimenduetan. Baina bi sari horiez gain, aurten lehenengo aldiz, ‘Txapela Saria’ eskainiko du Euskara Zerbitzuak. Izen euskaldunik politena eta originalena duen pintxoa sarituko dute. 

Izen-ematea ekainaren 14ra arte

Ekimenean parte hartzeko Turismo Bulegoan eman beharko da izena, ekainaren 14ra bitartean. Horrez gain, lehiaketa hobetzeko iradokizunak eta ideiak jasotzeko ateak irekita dituztela azaldu dute.

Herriko zortzi tabernek hartu zuten parte iaz

Herriko zortzi tabernek hartu zuten parte aurreko urteko pintxo lehiaketan. Nao Victoriak jaso zuen epaimahaiaren saria; herritarren gustukoena, berriz, Kresala tabernako pintxoa izan zen.