Ekainaren 4an zabalduko da udako kirol ikastaroetan izena emateko epea

2018/05/30

Ohiko ikastaroez gain, uda sasoiari begira piragua, arraunketa, surfa edo mendiko bizikleta ikastaroak eskainiko dira, besteak beste, herriko kirol elkarteekin elkarlanean. Ikastaroak haur, gazte zein helduei zuzenduta egongo dira eta bazkide zein bazkide ez direnek parte hartu ahal izango dute.

Uda iristear dago eta urtero bezala, kiroldegiko arduradunek ikastaro egitarau zabala eta anitza antolatu dute adin guztietako lagunei zuzendua.

Horiek horrela, uda sasoiari begira, piragua, arraunketa, surfa, bodyboard edo mendiko bizikleta ikastaroak antolatu dituzte, herriko kirol elkarteekin elkarlanean. Horiez gain,  ohiko ikastaroak ere eskainiko dira: aerobic, zumba, pilates, cycling edo igeriketa, esate baterako.

Ikastaroak astelehenetik ostiralera eskainiko dira goizez zein arratsaldez eta adin guztietako zumaiarrek, bazkideek eta bazkide ez direnek ere parte hartu ahal izango dute.

Ikastaroen iraupena astebete, bi aste edo hilabetekoa izango da uztailaren 2tik hasita. Pertsona interesdunek kiroldegian eman beharko dute izena eta surf edo bodyboard ikastaroaren kasuan, 638 675 558 telefonora deitu beharko dute.

Eskaintza osoa ikusgai hemen