Ekainaren hasieran abiatuko dira Txomin Agirre eta Mendaro Marinelako urbanizazio lanak
Bost hilabete inguru iraungo dute lanek eta 715.032,26 euroko aurrekontua izango du obrak.
Ekainaren hasieran abiatuko dira Txomin Agirre eta Mendaro Marinela berrurbanizatzeko lanak. Aste honetan bertan sinatu dute obra kontratua eta DC Construcción, Ingeniería y Gestión de Obras S.A. enpresa arduratuko da obraz.
Andoni Etxaniz Hirigintza zinegotziaren arabera, bost hilabete inguru iraungo dute lanek eta obra egiten ari diren bitartean, zenbait eragozpen sortuko direla jakitera eman du. Hala eta guztiz, Udalak egiten dituen aldaketen inguruan informazioa emango du seinaleztapen desberdinen bidez.
Txomin Agirre kaia eta Mendaro Marinela kalea urbanizatzea izango da exekuzio honen helburua eta era berean, bien lotunea den Moilaberriko zubia irisgarritasun irizpideetara egokitzea. Bidegorri berria egingo da Mendaro Marinelan, eta tren geltoki zaharraren aurreko plaza ere urbanizatu egingo da. Horrekin batera, Mendaro Marinela eta Txomin Agirre kaleetako argiteria berritu egingo da.
"Herritarren ekarpenetatik jasota"
“Egokitzapen horiek herritarrekin egindako foro desberdinetan agertu izan dira, eta orain, proiektu honen bitarteaz, herritarren eskari horiei erantzuna emango diogu”, azaldu du Hirigintza zinegotziak.
Lanek 715.032,26 euroko aurrekontua dute (BEZ barne) eta urtea bukatu baino lehen amaitu beharko dira.



