Ekintza egitarau zabala Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira

2018/03/02

Martxoaren 8tik 22ra bitartean giza katea, antzerkiak eta mahai inguruak egingo dira, besteak beste. Horien guztien bitartez, emakumeen eskubideen eta berdintasunaren alde egin eta emakume eta gizonen arteko parekotasuna aldarrikatzea da helburua.

Urtero bezala, aurtengo hilabete morea ekintzez josita egongo da Zumaian. Izan ere, gaur goizean, prentsaurreko bidez aurkeztu da udaletxeko pleno aretoan martxoaren 8ko Emakumearen Nazioarteko Egunaren harira antolatutako ekintza egitaraua. Bertan izan dira Berdintasun zinegotzia Cristina Vicente, udal teknikaria Karmele Gomez, Berritzeguneko, Berdintasun Foroko zein Afrikar elkarteko kideak eta Soldadura Eskolako eta Zumaiako ikastetxe ezberdinetako zuzendari, guraso zein ikasleak.

Martxoaren 8tik hasita hilaren 22a bitarte ekintza ugari antolatu dituzte guztiek elkarlanean hilabete morerako. Esate baterako, hilaren 8an, Emakumearen Nazioarteko Egunean, alegia, azken bi urteotan egin bezala,  giza katea egingo da LH5. mailatik gorako ikasleekin. Bertan ikastetxe ezberdinetako 10-18 urte bitarteko ehunka gaztek eta Soldadura Eskolakoek bat egingo dute hezkidetzaren eta berdintasunaren printzipioak aldarrikatzeko eta  bide horretan, herriari giza katean parte hartzeko gonbitea luzatu diote, guztion artean, berdintasunean eta errespetuan oinarritutako Zumaia eraikitzeko. Eta goizeko ekitaldiei amaiera emateko, Eusebio Gurrutxaga plazan bilduko dira ikasle zein irakasleak, udal ordezkari eta teknikariak, herriko eragile desberdinak eta bertan egon daitezkeen herritarrak emakumeen eskubide eta aukera berdintasunaren alde egin eta horren harira ikastetxeetako neska-mutilek prestatutako manifestua entzuteko.

Egun berean, arratsaldeko 19:30ean elkarretaratzea egingo da Saregileen plazan Udalak eta Berdintasun Foroak deituta eta 22:00etan, ohiko zine forum saioan, “Su mejor historia” filma eskainiko da, Bigarren Gerra Mundialaren garaian oinarrituta, sexuen arteko borroka eta desberdintasunak islatuko dituen filma, alegia.  

Horrez gain, Udalak herritarren eskura jarriko ditu “Gu ere martxoak 8” banderatxo moreak etxeetako balkoiak apaintzeko. Interesdunek Udaletxean bertan jaso ahal izango ditu.

Asteburura begira, ostiralean, Hysteria antzerkia eskainiko da Aita Marin, gaueko 22:00etan. Antzezlana euskaraz izango da eta “histeria femeninoa” delako gaitz ezagunaren tratamendua behar duen emakume baten istorioa kontatuko du. Igandean, aldiz, Emakumearen Eguneko festa afrikarra ospatuko da goizeko 12:00etatik aurrera Eusebio Gurrutxagan.

Eta hilabete morean aurrera eginez, bi mahai inguru egingo dira, hilaren 13an bata eta 22an bigarrena. Martxoaren 13ko saioa arratsaldeko 18:30ean izango da Alondegiako Oxford aretoan eta zaintza lanen banaketa izango du ardatz. Bertan Malen Etxeak garatutako “Transformar la realidad: derechos iguales para todas” txostena aurkeztuko da gaztelaniaz. Halaber, martxoaren 22an “Zumaiako Emakumeen Etxea eraikitzen” deituriko mahai-ingurua egingo da, Brankan, arratsaldeko 18:00etan eta gonbidatu gisa izango dira Donostia, Hernani eta Azpeitiako Emakumeen Etxeetako ordezkariak.

Mahai inguruek zein gainerako ekintza guztiek helburu dute, noski, emakumeen eskubideen eta berdintasunaren alde egin eta emakume eta gizonen arteko parekotasuna aldarrikatzea “berdintasun hori bermatzen duen gizarte eta herria eraikitzea eta emakumeen eta gizonen artean egun oraindik ematen diren bereizketa egoerak gainditzea guztion ardura delako”, amaitu du Kristina Vicentek, berdintasun arloko zinegotziak.