Ekintza egitarau zabala Zumaian Europako Geoparkeen Astearen baitan

2019/05/21

Bihar, hilak 22, Xabier Orue-Etxeberriari omenaldia eta Geotalks ekimenaren 3. edizioa egingo da 19:00etan Aita Marin. Asteburuari begira, marrazki lehiaketa eta argazkilaritza tailerra egingo dira. Aste osoan zehar, halaber, ate irekiak izango dira Algorri Interpretazio Zentroan.

Joan den larunbatetik hilaren 25a bitartean, Euskal Kostaldeko UNESCOren Munduko Geoparkea Europako Geoparkeen Astea ospatzen ari da Deban, Mutrikun eta Zumaian bederatzigarren urtez jarraian. Ekimen hau Europan egun dauden 73 geoparkeetan egiten ari da aldi berean eta helburu du tokian tokiko ondare geologiko eta natural aberatsa ezagutzera eman eta herritarrengan balio hauen kontserbazioaren inguruan kontzientzia piztea.

Horri lotuta, aipatu astea ospatzeko ekintza egitarau zabala antolatu du Euskal Kostaldeko Geoparkeak eta horren baitan, hainbat ekitaldi Zumaian egingo dira.

Asteazkena, maiatzak 22: Xabier Orue-Etxeberriari omenaldia eta GeoTalks ekimenaren 3. edizioa

Bihar, esaterako, GeoTalks ekimenaren 3. edizioa egingo da “Zumaia eta dinosauroen desagerpenaren gakoa. Historiaren atzean dagoen istorioa” izenburu pean.

Ekimenak zientzia eta zinema lotuko ditu; “El día que murió el mesozoico” film laburraren emanaldia eta zientzialarien arteko solasaldia egingo da (gaztelaniaz) eta solasaldian arituko dira, batetik, Jose Antonio Arz, Zaragozako Unibertsitateko paleontologoa eta K/T mugan aditua, eta, bestetik, Estibaliz Apellaniz, EHUko paleontologoa eta Zumaiako flyscharen ikerketan aitzindaria. Gidari lanak Asier Hilario, Geoparkeko zuzendari zientifikoak egingo ditu.

Horren aurretik, halaber, EHUko Paleontologia katedradun eta Geoparkeko Batzorde Zientifikoko kide Xabier Orue-Etxebarriak ‘Ohorezko Geoparkezale’ oroigarria jasoko du. Lehen aldiz emango den aitorpen horren bitartez, Geoparkeko ondare natural eta kulturalaren ezagutzan ekarpen garrantzitsuak egin dituzten pertsonen lana eskertu eta aintzatetsi nahi du Euskal Kostaldeko Geoparkeak. Ildo horretan, ia 40 urte luzez egindako ikerketa lanari esker, Zumaiako flyschak nazioarte mailako ezagutza eskuratu du; azpimarratzekoa da, esaterako, Itzurungo hondartzan estratotipoak izendatzeko Orue-Etxebarriak egin zuen apustua. Horregatik, besteak beste, Geoparkeak ‘Ohorezko Geoparkezale’ oroigarria emango dio.

Ekitaldia irekia izango da eta Aita Mari zineman egingo da arratsaldeko 19:00etatik aurrera.

Ostirala, maiatzak 24: “Espeleologoa naiz” marrazki lehiaketa

Asteburuari hasiera emateko, gazteak izango dira egitarauaren protagonista. Horiek horrela, ostiralean, hilak 24, “Espeleologoa naiz” marrazki lehiaketako sarien banaketa egingo da arratsaldeko 18:00etan Oxford aretoan. Ekitaldian parte hartuko dute Deba, Mutriku eta Zumaiako lehen hezkuntzako 6-12 urte bitarteko ikasleek.

Larunbata, maiatzak 25: argazkilaritza tailerra

Azkenik, larunbatean, argazkilaritza tailerra egingo da Soraya Lopez eta Sonia Alvarezen eskutik. Horrenbestez, mugikorrarekin paisaia, landare, egunsenti eta abarri argazkiak ateratzea gustuko dutenek eta teknika berriak ikasi nahi dituztenek hitzordua izango dute Zumaian.

Egun osoko ekitaldia izango da, goizeko 9:00etatik 13:30era (teoria) eta arratsaldeko 16:00etatik 19:00etara (praktika). Alondegian egingo da eta izen-ematea doakoa da. Interesa dutenek ingurumena@geoparkea.com helbidera idatziz eman behar dute aurrez izena.

Ate irekiak Algorrin

Egitaraua osatzeko, Algorri Interpretazio Zentroak ate irekien jardunaldiak egingo ditu aste osoan zehar (maiatzaren 25a arte, alegia) bertako baliabideak ezagutzera eman eta Geoparkeko ondare geologikoa eta naturala herritarrei hurbiltzeko.