Ekintza eta funtzionatzeko modu berriak Zumaiako Ludotekan

2009/11/12

Igandean irteera egingo dute familiekin Irungo Oiasso museora. Horrez gain, gurasoei zuzendutako ekintza gehiago egingo direla iragarri dute, eta jostailuen mailegu zerbitzua ere urtarrilean abiatuko dute.

 

Ikasturte berriarekin batera, ekintza eta funtzionatzeko modu berriekin dator Zumaiako Ludoteka. Ikasturte berrirako ekintza ugari antolatu dituzte eta haurren eta gurasoen parte-hartzea indartzeko apustua egiten ari dira.

Alde batetik, familia irteerak egingo dituzte eta lehenengoa igande honetan gauzatuko da. Familia osoarentzat egun-pasa izango da eta Irungo Oiasso museoa bisitatuko dute. Dagoeneko 47 pertsona daude apuntatuta, 26 haur eta 21 guraso.

Horrekin batera, ikasturtean zehar gurasoei zuzendutako ekintza gehiago izango direla iragarri dute; hitzaldiak, ikastaroak, erakusketak... Hurrengo hilabetean, esaterako, jolasen astea egingo dute eta azaroaren 24tik aurrera, berriz, bi hitzaldi eskaintzekotan dira, jostailu erakusketarekin batera.

Haurrei begira, arreta berezia jarriko zaie laugarren, bosgarren eta seigarren mailako haurrei, eta programazioa egiterakoan beraiei hobeto egokitutako ekintzak antolatuko dira. Abenduaren 28an, esaterako, Bilboko PINera egun-pasa egingo dute.

 

Jostailuen mailegu zerbitzua

Ludotekako bazkideei jostailu mailegua eskainiko diete urtarriletik aurrera. Zerbitzu horri esker, eta heldu baten ardurapean, Ludotekako edozein jostailu etxera eraman ahal izango dute haurrek, ostiralean jaso eta astelehenean itzuliz.

 

Haur eta gurasoen parte-hartze handiagoa

Etapa berri honetan, gurasoei iritzi jakin eta eskaerei erantzun nahi dute Ludotekako arduradunek. Horretarako, guraso guztiei inkesta bana pasa diete euren iritzia eman dezaten, eta ildo beretik, iritziak, iradokizunak, kexak eta bestelakoak adierazteko Ludotekak eskaintzen dizkien beste bitartekoak ere erabiltzeko dei egin diete. Hala, Ludotekan bertan dagoen buzoiaren edo ludoteka@zumaia.net helbidearen bidez bideratu ahal izango dituzte.

Horrekin batera, protagonista diren haurren parte-hartzea indartu nahi dute Ludotekako eguneroko jardunean eta beraiek ere buzoia eta beste bide batzuk erabili ditzaten animatu nahi dituzte; "Ludotekarengandik zer jaso nahi duten adierazi eta guztion artean denok aseko gaituen zerbitzua osatzeko", azaldu dute teknikariek.

 

Azaroko eta abenduko programazioa

 

Azaroak 9-13: ‘Nolakoak izan ziren erromatarrak?’ jolasak.

Azaroak 16-20: Erromatarren arkitekturaren inguruko eskulanak.

Azaroak 23-27: Asterix eta Obelixen 12 frogei buruzko jolasa.

Azaroak 30: Gabonetako apainketa.

Abenduak 9-11: ‘Nola bizi ditugu gabonak?’. Abestiak eta jolasak.

Abenduak 14-18: Santo Tomasetako eskulanak.

Abenduak 21: Santo Tomas eguna.

Abenduak 22-23: Gabonetako postalak egiteko eskulanen saioa.

 

Urriko Zumaia Zu aldizkarian Zumaiako Ludotekari buruz egindako erreportajea kontsultatu nahi baduzu egin klik hemen.