Ekolingua saioak Zumaian

2015/03/12

Otsailaren 11n Ekolingua saioa egin zen Zumaian, handik ateratako ondorioekin solasaldia antolatu zen, hilabete geroago Martxoaren 11n. Bertan, Iñaki Markok DiKomA proiektuaren aurkezpena egin zuen lehendabizi, eta ondoren, aurreko saioan dinamizatzaile izandako Inma Eizagirre eta Antton Peñalbarekin mahai ingurua egin zen, Peru Fernandez de Arroiabek gidatuta.

 

DiKomA izenak Diskurtsoa, Komunitatea eta Ahalmentzea biltzen ditu bere baitan,  diskurtsoaren bitartez hiztun komunitatea ahalmentzea bilatzen baitu. Izan ere, euskararen alde egiteko diskurtso eta argudio berrien beharra sumatzen da aspaldian.

Proiektuaren hasieran, materiala bildu zen eta dosierra osatu zen. Ondoren, hori guztia gizarteratzeko modua bilatu zen; EKOLINGUA karta jokoa (betiko familia karta jokoetan oinarrituta, eta Europako Play Decide ereduaren arabera). Hasieran saio pilotu batzuk egin ziren (horietako bat Zumaian) eta ondoren, lan handia egin zen edukia moztu, kendu eta aldatzen. Azkenean jokoaren azken bertsiora iritsi arte.

Jokoak euskararen egoeraz hitz egiteko aukera ematen du modu berritzailean. Sei bat laguneko taldeak elkartzen dira mahai baten bueltan eta ordu eta erdiko saioan jokaldiak osatu behar dira. Horixe egin zen hain zuzen Zumaian otsailaren 11n Marina Berri jatetxean, 60 zumaiar inguru bildu ziren 10 bat mahairen bueltan. Bildutako jendeak asko eskertu zuen gai honen inguruan hausnartu eta hitz egiteko aukera ematea. Eta handik atera ziren ondorio nagusiak hauek izan ziren:

- Datozenek ahalegina egin behar duten hemengo hizkuntza bereganatzeko, baina hemengoek ere baloratu egin behar dute datozenek egiten duten ahalegina.

- Hizkuntza ez da komunikatzeko tresna bakarrik, bizitzeko eta mundua ulertzeko modu bat da, hizkuntza aniztasuna aberastasuna da.

- Bakoitzak euskarari eman diezaioke bera dagoen lekutik.  Adibidez, ulertzeko gai den tabernariak ahalbidetu lezake bezeroak euskaraz egitea.

Zumaiatik aparte beste herri batzuetan ere egin dira Ekolingua saioak eta denetan nabarmentzen da hizkuntzaren jabe izateak edo ez izateak markatzen duela diferentzia. Izan ere, jendeak bere bizipenetatik hitz egiten du, sentimenduetatik eta izan duen ibilbidearen arabera betiere.

Azken ondorioa izan zen interesgarria litzatekeela horrelako saioak antolatzea era askotako jendearen artean: gazteen artean, guraso elkarteetan, herriko taldeetan… Udalaren aldetik interesa dago hau zabaltzen jarraitzeko eta bere esku dagoen laguntza guztia eskaintzeko.

Hemen Zumaiako saioan parte hartu zuten herritar batzuek egindako hausnarketak jasotzen dituen bideoa.