Ekolingua saioen inguruan arituko da Iñaki Marko asteazkenean 'Euskara, bestela ez gara, zikloaren baitan

2015/03/09

'Euskara, bestela ez gara' hitzaldi zikloaren bigarren hitzaldia izango da Markorena. Pasa den astean, Lorea Agirre izan zen, eta hizkuntza eta kultura izan zituen hizketagai. Hitzaldiak 18:30etik aurrera Alondegiko Oxford aretoan dira

Asteazkena, martxoak 11, 18:30etan Oxforden

Otsailaren 11n Ekolingua izeneko jokoaren saio bat egin zen Zumaiako Marina Berri jatetxean. Joko horren nondik norakoak azalduko ditu Markok, nola sortu zen, nondik datorren, non egin diren esperientziak… eta sarrera txiki baten ondoren Zumaiako saioan dinamizatzaile izan zirenekin mahai-inguru bat egingo da eta bertan Zumaian egindako saioaren berri emango da.

 

HIZKUNTZA ETA KULTURAZ, LOREA AGIRRE

Lorea Agirrek "Hizkuntza eta kulturaren garraio, bidegorriak" hitzaldia eskaini zuen Zumaian martxoaren 4an. Hizkuntzaren garrantzia aipatu zuen lehen-lehenik, hizkuntza bizitza dela esan zuen, izenik ez duena ez baita. Baina, ez da komunikatzeko tresna bakarrik, kultura bat, bizimodu bat, mundu ikuskera … adierazten du.

Hizkuntzak, gainera, taldean funtzionatzen du, komunitaterik ez badago ez dago hizkuntzarik. Beraz, hizkuntza garatzeko hiztun talde bezala, eskubide kolektiboak behar ditugu. Eta hor talka sortzen da; izan ere, gure gizartean giza eskubideak norbanakoarenak dira. Zuk eskubidea duzu (indibiduala) baina ez kolektiboa; alegia, ezin duzu inposatu. Baina orduan nola egin aurrera?

Lorea Agirreren ustez, euskararen auzia justizia sozialaren kontua da. Oso garrantzitsua da jabetzea erdaldunek duten eskubide berbera dugula guk ere, euskaldun batek ezin badu bere hizkuntza erabili hor demokrazia sartzen da jokoan. Gure gizartean ondo ikusten da bazterketa sozialean daudenak babestea: elbarriak, emakumeak… Zergatik ez da egiten gauza bera euskararekin? Euskaldunoi zor zaigu.

        

 

Amaitzeko, Loreak esan zuen bere ustez euskara egoerarik onenean dauden arloak hezkuntza eta kultura sormena direla. Kulturak, gainera, hizkuntza elikatzeko gaitasuna du, horregatik kultur sormenari garrantzia eman behar zaio. Euskaraz sortzen den guztia da beharrezko, globalizazioari aurre egiteko eta geureri eusteko balio digulako.