"Ekologista naiz, baina..." hitzaldia izango da abenduaren 11n

2019/12/05

Datorren asteazkenean, hilaren 11n, kontsumo jasangarriaren inguruko hitzaldia emango du Gorka Egiak Alondegian, 18:30ean. EAEko Elikagaien xahuketaren aurkako astearen baitan antolatu du hitzaldia Zumaiako Udalak.

Abenduaren 9tik 15era bitartean EAEko Elikagaien xahuketaren aurkako astea izango da. Hori dela eta, Zumaiako Udala Elika Plataformari atxikitu zaio eta fundazioak proposatutako jardueretako bat antolatu du datorren asteazkenerako, abenduaren 11rako.

Zehazki, kontsumo jasangarria lantzeko hitzaldia antolatu du Zumaiako Udalak. "Ekologista naiz, baina..." izenburupean, Gorka Egiak hitzaldia emango du hilaren 11n, 18:30ean Alondegiko Oxford Aretoan.

Hitzaldi honen bidez, eguneroko kontsumoa jasangarriagoa bihurtzeko gonbita egin nahi die Udalak herritarrei. Hitzaldian zehar, Lur planetak ingurumen arloan dauzkan erronken berri emango du hizlariak. Ondoren, ura, energia, zaborrak edota kontsumo arduratsua moduko gaiei helduko zaie. Hitzaldi berezia izango dela aurreratzen du Gorka Egia hizlariak: "Adibidez, bertaratzen direnek ur gutxiago kontsumitu eta kutsatzeko konpromisoak hartu beharko dituzte. Baita ere garraio publikoaren aldeko apustua egiteko edota zaborra ondo sailkatzeko. Herrian bertan kontsumitzea sustatuko dugu eta bertako ekoizleak eta herritarrak harremanetan jartzea ere bai, besteak beste".