Yolanda Jubetok ekonomia feminista eta solidarioaren inguruko hitzaldia emango du, bihar 19:00etan Brankan

2012/10/23

Bihar, asteazkena, hilak 24, 19:00etan Yolanda Jubeto ekonomista eta feministak hitzaldia emango du Brankan

 

Krisi garaian bizi gara. Sistemaren, ekonomiaren, finantzen, ekologiaren, politikaren eta gizartearen krisia dugu, eta pertsona askoren oinarrizko eskubideak  urratzen ari dira egunero.  Egoera tamalgarri  horrek eragin beldurgarria du emakumeen bizimoduan, pobrezia, lan prekaritatea, eskubide galera handiagoa eta zaintza lanen zama areagotzea ekartzen dielako. Sinestarazi nahi digute irtenbide bakarra kapitalismo patriarkala berrindartzea dela: eskubide sozialak murriztea, zerbitzu publikoak pribatizatzea, gizarte mugimenduak kriminalizatzea eta ikuspegi  patriarkala suspertzea, emakumeak etxeko sukaldera itzul daitezen, eta, bereziki, mugimendu feministak eraginda eskuratu dituzten eskubideak berriro gal ditzaten.

Baina ez dago den-dena krisian. Egunero ikus dezakegu ez dagoela krisirik proposamenak, mobilizazioak, gogoetak eta alternatibak aurkezterako orduan. Nabarmen ugaritu dira auzo, hiri edota herrietako talde eta mugimendu sozialek bultzaturiko ekimenak, sistema horren aurka alternatiba sinesgarriak badaudela frogatu nahian. Alternatiba horietako asko eraikitzen dira  ikuspegi feminista eta antikapitalista batetik abiatuta.

Eta Zumaiako Udalak ere badu horretarako asmoa. Politika feministetatik abiatuta, honen baloreak oinarri hartuta, badu espazio ekonomiko alternatiboak sortzeko proiektu bat. Komuneko espazio bat sortu eta elkartzeko gune izan daitekeen eremu bat sortzea, hain juxtu. Auzolanean sortutako baratzeak sortzea du helburu. Betiere politika feministetatik abiatuta; sistema kapitalista ekimen ez kapitalistekin partekatzeko guneak sortzeko helburuarekin eta elkartasuna, berdintasuna, aukera berdintasuna…. bezalako baloreak indartzeko.

Auzolanean sortutako baratze horien proiektua datozen hilabeteotan jarriko da abian herrian, eta herritar orori izango dira zabalik. Hala ere, Zumaiako Udaleko Berdintasun Sailetik, bereziki dei egiten zaie emakumeei proiektu honetan parte hartzeko.

Politika feministaren oinarriak ezagutu eta Euskal Herrian abian diren hainbat ekimenak ezagutzeko, Malen etxearekin elkarlanean Yolanda Jubetoren hitzaldia antolatu dute Zumaiako Udalaren Berdintasun Sailak eta Berdintasun foroak. Hitzaldia, datorren asteazkenean, urriak 24, 19:00etan Brankan izango da.

 

Yolanda Jubeto ekonomian eta feminismoan aditua da. Besteak beste, EHUko irakaslea da, gaur egun Euskal Herrian abian diren horrelako esperientzien berri ere emango du. Hala, Zumaiako Udalak hitzaldira joateko gonbita die herritar orori, beste esperientzien berri izan eta herrikoan parte hartzera animatzeko.