ELA eta LAB sindikatuek deituriko lanuztearekin bat egingo dute hainbat udal langilek

2018/02/27

Horren harira, otsailaren 28an 4 orduko lanuztea egingo dute lan baldintza eta enpleguaren defentsan, zerbitzu publikoen indartzea aldarrikatzeko.

Datorren asteazkenerako 4 orduko lanuztea deitu dute ELA eta LAB sindikatuek, besteak beste, zerbitzu publikoen indartzea aldarrikatu, udal eta Foru administrazioetan suntsitutako enplegu publikoa berreskuratu eta egonkortzeko, negoziazio kolektiborako eskubidea berreskuratzeko eta galdutako eskubideak eta eros ahalmena berreskuratu eta hitzarmenak betearazteko.

Ildo horretan, Zumaiako hainbat udal langilek deialdiaren bat egin eta datorren asteazkenean, goizeko 11:00etatik 15:00etara eta 15:00-19:00 bitartean lan geldialdia egingo dutela jakinarazi du Udalak. Halaber, zenbait udal zerbitzuren ordutegiaren berezitasuna kontuan izanik, liburutegiko eta ludotekako langileen kasuan, adibidez, lanuztea 16:00-20:00 bitartean egingo dute.

Lan geldialdiak, beraz, ondorioak izan ditzake hainbat zerbitzutan; esate baterako, liburutegia eta ludoteka itxita egongo dira. Edonola ere, dokumentuen erregistroa udaltzaingoaren eraikinean bermatuta egongo dela jakinarazi du eta horrez gain, hezkuntza zein gizarte arloko zerbitzu minimoak ere eskainiko direla ziurtatu du.