Elikagai ekologikoen azoka Zumaiara helduko da ostiralean
Elikagai ekologikoak eta tokiko ekoizpena herritarrengana gerturatu asmoz, azoka izango da ostiralean Eusebio Gurrutxaga plazan. Azokan erabiltzeko bonoak eskuragai dira dagoeneko Turismo Bulegoan: 15 euro edo gehiagoko erosketetan 5 euroko deskontua izango da horiek erabilita.
Azoka Ekologikoen Ibilbidea Zumaiara iritsiko da abuztuaren 28an. 10:00etatik 14:00etara, Eusebio Gurrutxaga plazan, tokiko eta gertuko ekoizpen ekologikoa herritarrengana hurbiltzeko azoka egingo da. Zumaiako Udalak herritarrak bertara gerturatzera animatu ditu, elikagai ekologikoak ezagutzeko, ekoizleekin harreman zuzena izateko eta kontsumo arduratsuago baten aldeko urratsa emateko.
BIOLUR Elkarteak antolatu du azoka, Zumaiako Udalaren, Urkome eta ENEEK-Ekolurra Kontseiluaren laguntzarekin. Bertan, ingurumenarekiko errespetuz eta animalien ongizatea bermatuz ekoitzitako hainbat produktu ekologiko aurkitu eta erosi ahal izango dira: barazkiak, gaztak, eztia, ogia, mermeladak, olioa, sagardoa eta bestelako elikagaiak, besteak beste.
Azokaren helburua ez da soilik elikagaiak saltzea. Tokiko ekoizleen lana ezagutaraztea, ekoizleen eta kontsumitzaileen arteko harreman zuzena sustatzea eta elikadura-eredu bidezkoago eta jasangarriago baten aldeko konpromisoa indartzea ere bada. Horrela, herritarrek elikagaien jatorria eta ekoizteko modua gertutik ezagutzeko aukera izango dute.
Zumaiako azokan erabiltzeko bonoak, salgai
Azokara herritarren parte-hartzea sustatzeko, Zumaiako Udalak eta ENEEK-Ekolurra Kontseiluak 5 euroko bonoak jarriko dituzte herritarren eskura. Eskuragai dira dagoeneko Turismo Bulegoan.
Azokan 15 euroko elikagai ekologikoen erosketa egin beharko da; hau da, 15 euro edo gehiagoko erosketa batean 5 euroko deskontua aplikatuko da bonoa erabiliz.
Sukaldaritza saioa, 12:00etatik aurrera
Gainera, 12:00etatik 14:00etara sukaldaritza saioa egingo da Miriam Chefintegrativa-rekin. Azokan bertan erositako elikagai ekologikoekin hainbat errezeta prestatzen erakutsiko du, modu osasuntsu eta goxoan elikatzeko ideiak eskainiz.
Biolur Elkarteak azpimarratu duenez, azokak "ekoizpena eta kontsumoa lotzeko topagune ezin hobeak" dira, eta ekoizleekin harremanak eraikitzeko, elikagaiak ezagutzeko eta agroekologiaren inguruan ikasteko aukera ematen dute. Era berean, sukaldatzearen garrantzia nabarmendu du, elikagaien jatorria ulertzeko eta elikadurarekin dugun harremana sendotzeko bide gisa.
Azoka Ekologikoen Ibilbidearen bidez, elikadura ekologikoa eta agroekologiaren balioak herritarrengana hurbildu nahi dira, tokiko ekoizpenaren garrantzia ikusaraziz eta kontsumo arduratsuagoaren aldeko apustua indartuz. Ekimenak Euskal Autonomia Erkidegoko hainbat udalerri bisitatuko ditu abuztutik urrira bitartean, eta Zumaia izango da ibilbideko geldialdietako bat.



