Elkarrizketa digitalen egitasmoa abiatuko du Udalak santelmoen ondoren

2010/03/31

Herritarrek egingo dituzte galderak eta elkarrizketatuak alderdi politikoetako bozeramaileak izango dira. Iñaki Agirrezabalaga alkatea izango da herritarren galderei erantzuten aurrena, apirilaren 22an.

 

Zumaiako Udalak elkarrizketa digitalen aroa abiatuko du www.zumaia.net webgune honetan. Ekimen honekin, zumaiar guztiek Udalean ordezkaritza duten alderdi politikoetako bozeramaileei galderak egin eta erantzun horiek ikuskatzeko aukera izango dute.

Elkarrizketa digitaletan ohikoa denez, herritarrek egingo dituzte galderak, eta alderdi politikoetako ordezkariek erantzungo dituzte. Ordu bete iraungo du elkarrizketa bakoitzak eta bi asteko maiztasunaz egingo dira, hau da, elkarrizketa batetik bestera bi asteko tartea egongo da. Hala, Iñaki Agirrezabalaga alkatea izango da lehendabiziko elkarrizketatua, santelmoen ondoren, apirilaren 22an hain justu. Gero, bere gobernu-kide Andoni Etxanizen txanda izango da, eta haren atzetik etorriko dira gainerako alderdietako bozeramaileak.

Hartu-emanerako bidea

Herritarren eta gure herriko ordezkari politikoen arteko harreman-bide zuzena elikatzeko tresna izango da egitasmoa, eta udal-gaiei lotutako galdera guztiak onartuko dira, baldin eta errespetuan egiten badira. Galdera egin nahi dutenek aurrez erregistratu egin beharko dute.  Apirilaren 13an zabalduko da alkateari galderak bidaltzeko tartea eta dinamika berdina erabiliko da elkarrizketatu guztien artean.