Emakume eta gizonen artean “partaidetza orekatua” lortzea izango du helburu Zumaiako I. Berdintasun Planak

2010/04/16

Dagoeneko osatua dago Plana, baina oraindik herritarrek ekarpenak egiteko aukera dute, apirilaren 30era bitartean.

 

Emakume eta Gizonen artean berdintasun egoerak lortzeari begira urrats berri bat eman berri du Zumaiako Udalak. Udalak aurkeztu berri du Fondo Formación Euskadi erakundearen eskutik garatuta Zumaiako Emakume eta Gizonen I. Berdintasun Plana. Hurrengo urteetan ezberdintasunak murriztu eta esparru guztietan, emakume eta gizonen partaidetza orekatua bultzatzea izango du helburu planak eta hainbat arlotan jarraitu beharreko ibilbidea zehaztuko du, arlo bakoitzeko helburuak eta ekintzak zehaztuz.

Iaz egindako Berdintasun Diagnostikoan, hainbat esparrutan, oraindik ere, emakume eta gizonen artean desberdintasun nabariak daudela aztertu eta gero, Berdintasun Planak markatuko du hurrengo urteetan Udalak desberdintasun hauek leuntzeko jarraitu beharreko ibilbidea.

Berdintasun Plana zazpi arlo desberdinetan egituratuta dago, eta arlo bakoitzerako helburu eta ekintza desberdinak diseinatu dira. Guztira, 44 helburu zehatz finkatu dira eta horiek lortzeko 94 ekintza garatuko dira. Horien artean daude, batzuk aipatzearren, Zumaiako emakumeen ahalduntzea bultzatzeko Jabetza tailerrak egitea, Udalak zerbitzuak azpikontratatzen dituenean baldintza-pleguetan enpresak genero eskarmentua/formazioa izatea baloratzea, edota emakumearen aurkako indarkeriari aurre egiteko tokiko protokoloa diseinatu eta ezartzea. Arloak, berriz honakoak liratezke: Udala; Gizarteratzea; Kultura; Kirola; Hirigintza, Ingurumena eta Garraioa; Hezkuntza; Osasuna eta Lana-Enplegua.

Plana bultzatu eta koordinatzeko, berriz, beharrezkoa ikusi dute ondorengo egiturak sortzea eta finkatzea: berdintasunerako zerbitzua; sailen arteko egitura politikoa, ardura politikoa eta erabaki estrategikoak hartzeko; sailen arteko egitura teknikoa, Udaleko arlo edo sail desberdinei jarraipena emateko; eta azkenik, Berdintasun Foroa, Berdintasun Zerbitzuko teknikariaz gain, emakume taldeetako ordezkariek zein berdintasun helburutzat duten bestelako elkarteetako ordezkariekin osatua.


Iradokizunak egiteko tartea

Berdintasun plana egiterakoan eta herritarren parte-hartze zabala bermatzeko helburuarekin, hainbat ekintza egin dira azken hilabeteetan, hala nola, arlo desberdinetan bideratu beharreko ekimenak definitzeko eta zehazteko 6 lan-talde egin ziren urria eta azaro bitartean. Horrez gain, iragan den urtarrilean Berdintasun Planaren lehen zirriborroa herritarrekin konpartitzeko Gizarte Foroa egin zen. Orduan, herritarrengandik jasotako proposamenak atxiki zaizkio Planari eta orain iradokizunak egiteko bigarren txanda bat irekiko da. Udalaren webgunean zintzilikatu da Berdintasun Plana edozeinek kontsultatu dezan eta apirilaren 30era bitartean egin ahalko dira proposamenak. Horretarako ondorengo helbidera idatzi dezakete herritarrek: komunikazioa@zumaiakoudala.net.