Emakume eta gizonen Berdintasun Diagnostikoari ekarpenak egiteko tartea zabaldu dute

2009/05/18

Zumaiako Udalak abian jarritako emakume eta gizonen arteko Berdintasun Diagnostikoa azken urratsak egiten ari da. Hainbat hilabetetan aurrera eramandako hamaika ekintzen ondoren, txostena landuta dago jada. Orain, txostenari ekarpenak egiteko epea zabaldu da eta horretarako, bere webgunean zintzilikatu du Udalak txostena osorik.

 

Zumaiako gizonen eta emakumeen desberdintasuna aztertzea eta argitaratzea izan dira ekimenaren helburu nagusiak. Berdintasun diagnostikoa, hala ere, tresna bat baino ez dela jakinarazi nahi du Udalak, beharrizanak identifikatzeko eta oraindik emakumeen eta gizonen desberdintasunak gainditzeko ekimenak diseinatzeko balioko duen tresna izango da diagnostikoa.

Hainbat esparru aztertu dira diagnosia egin ahal izateko: biztanleriaren ezaugarriak, lana eta enplegua, gizarteratzea eta pobrezia, emakumeen aurkako indarkeria, hirigintza, gizarte partaidetza, udaletxea, kirola, osasungintza… Eta esparru horietan oinarrituta, azterketa kuantitatiboak eta kualitatiboak egin dira.

Ateratako emaitzak

Lanketa horretatik hainbat emaitza atera dira. Hala nola, udalerriko emakumeen okupazio tasa %68,4koa den bitartean, gizonezkoena %85a dela; edota emakumeen lana Zerbitzuetara mugatuta dagoela (%87, 3). Lan arloari lotuta hau ere, “desberdintasun adierazgarriak” ikusten dira soldatari dagokionean: “800 eurotik beherako pertsonen %83,2 emakumeak dira; aldiz, 1.500 eurotik gorako soldata jasotzen dutenen artean emakumeak %27,5 dira”.

Emakumeen aurkako indarkeriari lotuta, “nahiz eta oraindik indarkeria kasuak ezkutatzeko joera” egon, “zenbait datu esanguratsu” identifikatu dira, besteen artean, Zumaiako emakumeen %3,4a jazarpenaren biktima izan da inoiz; %1,5a erasoren batena, %3,4ak ukituak jasan ditu eta %7,5ak izaera sexistako irainak.

Gizarte partaidetzari dagokionez, berriz, emakumeek baino gizonezko gehiagok hartzen dute parte elkarte desberdinetan, baina hala ere, elkarteetako lehendakarien artean parekotasuna dago (%50 emakumeak eta %50 gizonak dira).

 

Txostena osorik webgune honetan


Aipatutakoez gain, beste hainbat arlori dagozkien emaitzak atera dira diagnostikoaren baitan. Txostena osorik kontsultatu daiteke Udalaren webgune honetan. Zumaiako Udalak eskatuta, Fondo Formación Euskadi fundazioak egin du diagnostikoaren lanketa eta maiatzaren amaierara arte egongo da txostenari ekarpenak egiteko aukera. Ondorengo bi helbide hauetakoren batera zuzendu behar dira ekarpenak: gizartelangilea2@zumaiakoudala.net edo 943 86 22 00 (Branka).