'Emakumea eta kirola. Etengabeko lehia' hitzaldia, bihar Alondegian
18:30ean hasiko da hitzaldia, eta Dorleta Ugalde Eusko Jaurlaritzako kirol teknikaria izango da hizlari.
Bihar, urtarrilak 12, arratsaldeko 18:30etatik aurrera, udaleko Gaztedia eta Berdintasun Sailak antolatuta, Emakumea eta kirola. Etengabeko lehia hitzaldia izango da Alondegian. Hitzaldi hori, batez ere kirol munduan diharduten, kirol arduradunei zuzenduta dago, baina hitzaldi irekia izango da joan nahi duen ororentzat.
Hitzaldi horren bidez, kirol munduko ordezkariek jarduerak antolatzerako garaian genero ikuspegia kontuan izatea lortu nahi da.
Atal ezberdinak
Hitzaldiarekin hasi aurretik, sarrera modura, bideo bat izango da ikusgai. Bertan, Euskal Herrian goi mailara iritsi diren emakume kirolarien papera azalduko dute; hala, besteak beste, Maria Jose Sardon eta emakume arraunlarien kasuak aipatuko dituzte.
Hiru atal izango ditu ondorengo hitzaldiak:
- Emakumeek goi mailako kirolera iristeko egin beharreko ibilbidea izango dute hizpide lehen atalean.
- Emakumeek kirol munduan duten papera aztertuko dute. Horretarako, egoeraren diagnosia egingo dute.
- Emakumeen partaidetza bultzatze aldera, kirol elkarteetatik har daitezkeen neurriak azalduko dira.
Dorleta Ugalde Eusko Jaurlaritzako kirol teknikari izango da hizlaria.



