Emakumearen Astearen balorazio positiboa

2011/03/15

Berdintasun saila "gustura" dago Emakumearen astean izandako parte-hartzearekin.

 

Berdintasun  eta Gazteria Sailak emakumearen astean izandako herritarren parte- hartzearen balorazio positiboa egiten du. Orokorrean, egindako balorazioa "oso ona" da, baina Berdintasun eta Gazteria teknikariak espero du "etorkizunean gero eta jende gehiagok parte hartzea horrelako ekintza eta tailerretan".

Aurtengorako ekintza desberdinak antolatu dira, eta guztietan emakumeen parte hartzea bultzatu da. Emakumeen parte-hartzea sustatu egin behar dela uste du Karmele Gomez Berdintasun Teknikariak, "eta kontzentrazioan jende gehiago egotea lortu behar dugu".  Kontzentrazioak emakumeen eskubideak defendatzeko asmoarekin egiten dira, eta Gomezen ustez beharrezkoa da horietan parte-hartzea gero eta handiagoa izatea.


Bestalde, aurten, gaztetxoei zuzendutako ipuin kontaketa antolatu da eta gaztetxoen artean harrera "oso ona" izan du. Haurrek txiki txikitatik ikasten dute ikusten dutena, eta beraien genero identitatea eta genero rolak barneratzen dituzte. Ipuin kontaketa eta beste horrelako hainbat ekintzaren bidez, orain arteko rol banaketa estereotipotuarekin haustea bilatzen da. Etorkizunean, benetako berdintasuna lortzeko beharrezkoa da haurrak txiki txikitatik inguru egoki batean heztea, estereotipoetatik aldenduz.