Emakumearen eskubideak aldarrikatzeko, ekitaldi ugari

2010/03/08

Kontzentrazioa izango da gaur Magnolio azpian, 20:00etan hasita eta Gaztetxean, autodefentsa ikastaroa eskainiko dute arratsaldean. Horrez gain, Udaleko Gizarte Zerbitzuen sailak emakumeei zuzendutako hainbat ikastaro antolatu ditu datozen hilabeteetarako.

 

Martxoak 8, Emakumearen Nazioarteko Eguna aldarrikatuko da gaur batean eta bestean. Zumaian ere hainbat ekitaldi antolatu dituzte aldarrikapen horrekin bat egin eta emakumeen eskubideak defendatzeko. Gaur, adibidez, kontzentrazioa egingo dute hainbat herritarrek Magnolio azpian, 20:00etan hasita. Horrez gain, goizean zehar elkarretaratzeak egingo dituzte ikastetxeetan eta arratsaldeko seietan autodefentsa tailerra eskainiko dute Gaztetxean. Ostegunean, berriz, ‘(500) días juntos’ filma eskainiko dute Aita Mari aretoan.

Ildo beretik, Udaleko Gizarte Zerbitzuen sailak emakumeei zuzendutako hainbat ikastaro antolatu ditu datozen hilabeteotarako:

- Autodefentsa tailerra: martxoaren 27 eta 28an. Helburua honakoa izango da: jazarpenen (ahozkoak, fisikoak…) aurrean emakumeak maila psikologikoa eta fisikoan prestatzea. Esther Lopez Mongek eskainiko du ikastaroa eta bi egunetan banatuta, 12 orduko saioa izango da.
- ‘Egun Emakumea izatea’ landuko duen tailerra: Urtean zehar eskainiko da, eta datak oraindik zehazteke daude. Helburua emakumeen garapen pertsonalerako espazioa bat izatea izango da eta Ione Beitialarrangoitia eta Karmele Iturbe psikoterapeutek gidatuko dute. Lau hilabete iraungo du ikastaroak eta 15ean behineko 2 orduko saioak izango dira.
- Emakumearen Sexualitatea/emozioak lantzeko tailerra: Urtean zehar eskainiko da, baina datak oraindik zehaztu gabe daude.
- Etxeko konponketen/briokolaia eta etxeko lanen ikastaroa emakume nahiz gizonentzat: Etxeko lanen elkartrukerako tailerra izango da eta tradizionalki emakumeen esku dauden jarduerak gizonei zuzendu, eta gizonek egindakoak emakumeei zuzentzea izango da oinarria. Urtean zehar zehaztuko dira ikastaro honen datak.

Ikastaroetan izena eman nahi dutenek Branka Gizarte Zerbitzuen egoitzara jo beharko dute. Telefonoz (943862200) ere informazio gehiago eskuratu ahalko da eta baita ikastaroetan apuntatu ere.